Bilbo
Haurrek helduen mundua zelan ikusten duten argitara ematea helburu duen argazki erakusketa bat dago zabalik Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan. Itsasadarraren bi aldeetako begirada txiki handiak izenburupean, kameraren bitartez mundua nola ikusten eta hautematen duten irudikatzen saiatu dira proiektu horretan parte hartu duten umeak: zer gustatzen zaien, zer ez, zeintzuk diren euren desioak eta etorkizunari dagokionez dituzten kezkak plazaratu dituzte.
Bizkaiko Caritasek eta Voemy Factoryk elkarlanean antolatu duten erakusketa urriaren 27ra arte egongo da ikusgai. Martizenetik domekara egongo da zabalik, 10:00etatik 20:00etara.
Caritaseko Haurtzaro programaren zentroetako haurrek egindako argazkiek osatzen dute erakusketa. Proiektu hori egiteko, haurrek argazkilaritza tailerretan hartu dute parte.
Erakusketa ume horiek pentsatzen eta sentitzen dutena ezagutzeko aukera bat da. Antolatzaileek azaldu dutenez, “haur horien begirada txikia izan arrren, gizarteari buruzko egia handiak eta euren ikuspegiak konta ditzakete”.
Bilboko itsasadarra eta haren portua, historikoki, Bizkaiko ekonomia eta industriaren gune nagusia izan direla ekarri dute gogora. Historia horretan guztian, eraldaketaren eta krisien ondorioz, itsasadarraren bi aldeetako umeek desegituraketa prozesuak eta egoera zailak bizi izan dituztela azaldu dute, gainera.
Haurrenganako laguntza
Caritasek urte asko daramatza Haurtzaro programa garatzen. Horren bidez, Bizkaiko 500 haur ingururi laguntza eskaintzen diete hezkuntza eta familia arloko gaitasunak berreskuratzeko. Tailerrean Voemy Factory arte eta argazkilaritza faktoriaren laguntza izan dute. Estudio saio bat zer den ikasi eta esperientzia hori bizitzeaz gain, taldean lan egiten, erantzukizunak hartzen eta sormena lantzen ere ikasi dutela azaldu dute Caritas Bizkaitik.
ERAKUSKETA
Zer. Itsasadarraren bi aldeetako begirada txiki handiak erakusketa.
Non. Bilboko Itsas Museoan.