Taula periodikoan 26. zenbakia du burdinak. Latinezko ferrum-etik datorkio Fe ikurra. Elementu kimiko horren ustiapenak tradizio luzea izan du Euskal Herrian, Bizkaian bereziki. Mearen kalitate onak, egur ikatza lortzeko basoen ugaritasunak eta ibaiek eskainitako komunikabide oparoak baldintza onak ezartzen zituzten minerala landu eta burdina lortzeko lantegiak izateko. Bizkaian, El Pobalen zegoen burdinola itxi zen azkena. 2013ko Ondarearen Europako Jardunaldien harira antolatutako ekintzen barruan, bihar hitzaldia egingo du Marta Zabala El Pobal museoko zuzendariak, 12:00etan. Adierazi duenez, “burdinolara egiten diren ohiko bisitetan azaltzen ez dena ezagutzera ematea da helburua. 2004an museo gisa zabaldu arte egindako berreraikuntza lan hori ezagutzera eman nahi dugu”.
Erdi Arotik gaur egunera arte, mineral horren lanketak zein produkzioak forma ezberdinak izan ditu. Mendietan kokatzen ziren haizeola eta zeharroletatik, ibaietako ur indarra erabiltzen zuten burdinoletara igaro zen, eta hortik, labe garaietako industria modernoraino.
Bizkaiko burdin mearen ugaritasun horren testigu da Meatzaldea eskualdea. Inguru horretan dago El Pobal burdinola, Muskizen. Barbadun ibaiaren arroan, burdinola berezia da, XVI. mende hasieran hasi eta 1965. urtera arte Bizkaian martxan jarraitu zuen bakarra izan baitzen.
Salazarretik Santa Anara
Muñatones gaztelutik eskualdea mendean hartua zuen Salazartarren leinuak jarri zituen olaren lehen harriak, XVI. mende hasieran. Gaur egun garai haietako aztarna gutxi badago ere, urte luzeko ibilbide bati hasiera eman zioten. Burdinolaren garairik oparoenak XVII. eta XVIII. mendeak izan ziren. Garai horretakoak dira egun mantentzen diren eraikuntza asko: lantegia, aireztatze aretoa, tunel hidraulikoa eta urandela, besteak beste.
Teknologia aurrerapenak eta labe garaien sorrerak ekarritako siderurgia tradizionalaren krisia pairatu zuen El Pobalek ere XIX. mendean. Labe garaien sorrerak burdinolak zaharkituta geratzea ekarri zuen, eta XIX. menderako funtzionatzeari utzi zioten. Muskizko ola, krisi horren aurrean merkatuan lehiatu ahal izateko, burdin produkzioari utzi eta metalaren eraldaketa lanetan hasi zen. Eraldaketa horrek azpiegitura berrien eraikuntza ekarri zuen: sutegia, ikaztegiak, harrizko hauspoak eta mailua.
XX. mende hasieran bostek soilik jarraitzen zuten martxan Bizkaian, eta bigarren erdirako El Pobalekoa zen zabalik mantendu zen bakarra. Industria garapenak, ordea, burdinolaren errentagarritasuna merkatutik kanpo geratzea ekarri zuen, eta 1965ean ateak itxi zituen azken burdinola izan zen. Santa Ana de Bolueta izan zen ordutik burdingintza produkzioaren erregina.
Ateak itxi ondoren, 1990ean Bizkaiko Foru Aldundiak erosi zuen burdinola, museo gisa zabaltzeko asmoz. Hamalau urtez egin ziren berreraikuntza lanei esker, 2004en El Pobaleko ateak berriz zabaldu ziren. Orain, baina, ez du burdinik sortzen. Berotasun zaharren epeltasuna baino ez zaio geratzen.
Museo bilakatze horrek berreraikuntza lan ugari izan ditu. Zabala El Pobal museoko zuzendariaren esanetan, “egun ikusten dena agerian uzteko lan handia egon da atzetik”. Dokumentu eta ikerketa arkeologikoei esker, bost mendeko historia berregitea lortu da. “Kontserbatutako makineriaren berreraikuntza, orduko itxura ematea eta falta zenaren erreplika egitea lan zaila izan da. Kontu handiz eta zehaztasun osoz egin da, izan zenarekiko errespetuz”.
Horretaz gain, museo bizia izatea nahi zutela adierazi du Zabalak. Garai bateko tresnak eta makineriak berreraikitzeaz gain, horiek funtzionamenduan jartzea zen helburuetako bat.
Lan horri guztiari esker, burdina lantzeko gehiago erabiliko ez bada ere, haur, gazte zein helduei historian bidaiatu eta burdinaren kultura ezagutzeko aukera ematen du El Pobalek. “Badirudi atzo itxi zutela”, dio Zabalak.
Ikuspegi kultural, sozial, ekonomiko zein paisajistikoan eragin zuzena izan du burdinaren kulturak Bizkaiko historian. Alde horretatik, El Pobalen berreraikuntza garrantzitsua izan dela nabarmendu du Zabalak, “oinarrizko sektore baten aztarna baita”. Egiten diren bisita gidatuetan ez du denborarik ematen egin den berreraikuntza lan horren nondik norakoak zehaztasunez azaltzeko. Bihar, bada, horretan sakonduko dute.