Lur azpira begiratuta, historia osatu

Mende eskaseko ibilbidea dauka arkeologiak Bizkaian. 1844tik, kasualitatez aurkitzen ziren elementuak ez zirela hondatuko bermatzeko lanak egiten ziren, eta gero gorde, edo ikusgai ipini. Adibidez, Mikeldia. Mantentze lanak egin ostean, gorde egin zuten hura aurkitu zuten inguruarekiko interesik agertu barik. Baina 1914az gerora, lurpeak gordetzen dituen aztarnen bila jo dute ikerlariek, aurkitutakotik informazioa lortu eta antzinako bizkaitarrak nola bizi ziren ezagutzeko. Bilboko Arkeologia Museoko arkeologo Jose Luis Ibarraren esanetan, Santimamiñeko kobazuloen aurkikuntzak ezarri zuen bi garaien arteko mugarria. Bilakaera hori ezagutzeko erakusketa bat atondu dute, eta hil osoan egongo da ikusgai.

Gaur egun arkeologia lanak “ohikoak eta normalak” direla dio. Bi ekintza mota bereizi ditu: ikerketa arkeologia eta eskaeraz egindakoa. Ikerketa arkeologia ikertzaileen proiektuek osatzen dute: ezagutu nahi den inguru batean indusketak egiten dituzte, eta diru laguntza bidez finantzatzen dira. Obrak eta eraikuntza lanak hasi aurretik enkarguz egiten diren ikerketak dira besteak. Hau da, ingurua aldatu aurretik lurpean zer dagoen aztertzen dute, ondarerik ez dela kaltetuko bermatzeko. Ibarrak dio bigarren horiek aspaldion asko urritu direla, ia desagertzeraino, eraikuntza sektorea erabat geldirik dagoelako. Ikerketa arkeologia, berriz, oraingoz erritmoari eusten dabil, “instituzioek diru laguntzak ordaintzen dituzten bitartean”. Gaur egun martxan dauden hainbat adibide aipatu ditu: Elorrioko Argiñetako nekropolia, Arrolako kastroa Nabarnizen eta Bermeoko Tribisburu nekropoli erromatarra.

Hainbat informazio eskuratzen ari direla dio. “Ikertzaileak beti aurkitzen du zerbait. Adibidez, uste batekin abiatzen ditu indusketak, baina gero ez du ezer aurkitzen. Edozein kaletarrentzat horrek ez du garrantzirik; ikertzaileak, ordea, asko ikasi du: orain badaki berak zuen ustea okerra zela”. Eta horri lotuta adibide bat ipini du. Dio Foruko aztarna erromatarrak ikusten dituzten askok desilusioa hartzen dutela. “Ponpeiaren pareko zerbait aurkitzea espero dute. Baina aztarnategi horrek, apala izan arren, sekulako garrantzia dauka. Bizkaian, Erromako inperioaren bazter galdu honetan, lehen uste zutenaren kontra, erromanizaziorik izan zela frogatzen du”.

Elikadura eta ingurunea

Aurkitzen denaren arabera, informazio mordoa eskuratu daiteke. Adibidez, hilerri batean hezurrak agertuz gero, garai hartako jendearen gorpuzkera ezagut daiteke. Baita zelan elikatzen ziren ere. Eta objektuak ere mantendu badira, are zehaztasun gehiago eskuratzen dute kulturari eta ohiko bizimoduari buruz. Ibarrak dio aztarnategietan aurkitutako hazi edo lorauts aztarnei esker inguru naturala nolakoa zen ere irudikatu dezaketela. “Zientziaren atzetik doa arkeologia. Duela hamar urte ezin genuen hainbeste jakin. Baina, gaur egun hezur bati edo burdina zati bati milaka proba eta ikerketa egin ahal zaizkio”.

Objektuok ikertzeko kontserbatu egin behar dira. Hori da, hein handi batean, Laura Garcia Boullosaren lanak ahalbidetzen duena. Arkeologia museoko kontserbazio arduraduna da, eta, bihar, nahi duen edonori zelan lan egiten duen erakutsiko dio 17:30ean hasiko den bisitan.

“Materiala museora iristen denetik zer egiten dugun azalduko dut. Gaur egun zaharberritzen ari garen objektuak ikusiko dituzte, eta zein tratamendu ematen diegun ezagutuko dute”, laburbildu du bisita. Bereziki burdinazko elementuak ikusiko dituzte, orain horiekin lanean dabilelako: aiztoak, lantzen buruak… Harriren bat eta hilarriren bat ere egongo da ikusteko moduan.

Pieza museora sartzen denean, katalogatu egiten dute; informazio guztia jaso eta argazkiak atera. Gero, hondatu ez dadin zer egin behar den aztertu eta dagozkion neurriak hartzen dituzte. “Lurpean baldintza jakin batzuetan egon da. Ateratzerakoan, shock egoeran sartzen da. Desegiteko arriskua egon daiteke; hori saihestu behar dugu”.

Pieza guztiekin hala jokatzen dute. Hartara, etorkizunean ikertzaileek eskuragarri izango dituztela bermatzen dute. Baina gero ikusgai ipiniko direnak zaharberritu eta osatu ere egiten dituzte. Batez ere, zeramikazko objektuekin jokatu ohi dute horrela. Urtero, 150 eta 200 pieza inguru zaharberritzen dituzte. Garciak dio jendeak ez duela ulertzen mantentze prozesua zer den, zaharberritzearekin nahasten duela, eta hori argitzen saiatuko da biharko saioan.