Urria iristearekin batera, Ondarearen Europako Jardunaldiak iritsiko dira Bizkaiko herrietara, foru aldundiko Kultura Sailaren, udalen eta hainbat kultur elkarteren eskutik. Aurtengoei Atzokoa biharko leloa ipini diete, eta, hilak irauten duen bitartean, herrialde historikoan ondarea mantentzeko egin diren beharrak ezagutzera ematen ahaleginduko dira. Besteak beste, halako lanak egin diren eraikin zibil eta erlijiosoetara bisitak, erakusketak eta antzerki saioak atondu dituzte egitarauan. Guztira, 150 ekitaldi egingo dira Bizkaiko 60 herritan.
Josune Ariztondo Bizkaiko Kultura ahaldunaren esanetan, aurtengo helburu nagusia interes handikoak diren baina gehienentzat erabat ezezagunak diren ondasun kulturalak gertuko egitea da. “Normalean, ez dira herritarrentzat eskura egoten. Jardunaldiei esker, bertatik bertara ikusteko aukera izango dute”, gaineratu du. Hala, Bizkaiko hainbat herritako eraikinetan egin diren zaharberritze lanen emaitzak ezagutuko dituzte parte hartzen dutenek.
Bisita gidatuak eta ekitaldiak urriaren 4tik hila bukatu arte egingo dira. Baina daborduko jarri dute erakusketa bat, eta datorren martitzenean beste zenbaitek ateak zabalduko dituzte. Hain zuzen ere, hilaren 24an ireki zituen bereak Getxoko Igeretxe hotelean atondu duten argazki erakusketak. Igeretxe. Bainuetxe turismoa, Getxon bizirik dirauen turismoa izenarekin, Uribe Kostako herri horretako turismoaren hastapenen ikur den bainuetxea ekarriko dute gogora.
Martitzenetik aurrera, gainera, Euskaltzaindiaren egoitza nagusian, Bilboko Euskal Museoan, Bizkaiko Arkeologia Museoan eta Bilboko Artelan Berreginen Museoan erakusketa bana egongo da.
Datozen asteetan, zaharberritu berri duten Orozkoko Goikiriako baselizako ganga polikromatua ikusteko aukera egongo da. Baita Elorrioko Andre Maria Sortzez Garbiaren basilikako eta San Agustin elizako erretauletan egin diren berrikuntzak ezagutzekoa ere. Eraikin zibilei dagokienez, Bilboko Harino Panadera fabrika izandakoaren egoitza eta Ortuellako kiskaltze labea ageri dira egitarauan. Etnografia arloan, berriz, Iurretako Ertzilleko garaian edo Bengolea burdinolan egindako berrikuntzak aukeratu dituzte.
Bisitez gain, urtero legez, berbaldiak ere ez dira faltako. Aurten, batez ere zaharberritze lanen ingurukoak egingo dituzte bateko eta besteko adituek. Antzezpenak eta erakustaldiak ere jasoko ditu egitarauak. Besteak beste, Areatzan euskal ezkontza antzeztuko dute herritarrek eta Berriatuan garai bateko arotzen beharra zuzenean ikusteko aukera egongo da. Ekintzotako batzuetan parte hartzeko izena eman behar da aurrez, leku mugatua izaten dutelako, baina guzti-guztiak doan izango dira.