Trena heldu zenekoa

Topaketak

Portugalete

Portugaleteko Udalak eta Agrunorte elkarteak burdinbide modelogintzako hirugarren topaketak egingo dituzte asteburuan, Zubi Alde kiroldegian. Bertan, 202 modulok osatzen duten maketa erraldoia gertutik ikusteko aukera egongo da.

Burdinbide modelogintzako maketa 189 metro luze da, eta eraikitzeko prozesuan Hego Euskal Herriko, Espainiako eta Herrialde Katalanetako eta Frantziako hamazazpi elkartu aritu dira lanean.

Topaketetan Bizkaiko eta Kantabriako (Espainia) tren maketen saltzaileak, erosleak, bildumazaleak eta bertako eta atzerriko pieza fabrikatzaileak izango dira. Beste alde batetik, Alemania, Suitza, Finlandia, Erresuma Batua, Frantzia eta Italiatik etorritako sektoreko profesionalak elkartuko dira.

Trenei buruzko erakusketa

Portugaleteko Udalak, beste hainbat elkarteren laguntzaz, Canillako burdinbidearen 125. urteurrena: errealitate bihurtu zuten enpresak erakusketa antolatu du, eta ikusgai egongo da azaroaren 5era arte. Horren bidez, trena iritsi izanak herrian eduki zuen garrantzia ekarri nahi dute gogora; komunikazioa hobetzeaz gain, tokiko enpresen garapenean ere lagundu zuen.

Erakusketa margoek, maketek, argazkiek eta bestelako objektuek osatzen dute. Bilduma bi zatitan banatzen da. Alde batetik, saltokietan eta gizartean eragindako zirrara jasotzen duten testigantzak bildu dira. Bestetik, tren eta burdinbideen industriaren garapena azaltzen da. Ezkerraldeko eta inguruetako enpresetan sorrarazitako eraginak azaltzen dituzte erakusketan; besteak beste, Bizkaiko Labe Garaietan, Euskaldunan eta beste ontzioletan sektore horrek izan zuen garrantzia eta ondorioak.

TOPAKETAK

Noiz. Bihar, 11:00etatik 14:30era eta 17:30etik 21:00etara egongo da zabalik. Domekan, 11:00etatik 14:30era.

Non. Portugaleteko Zubi Alde kiroldegian ipiniko dute tren maketa.

Antolatzaileak. Portugaleteko Udalak eta Agrunorte elkarteak antolatu dute.