Bilbo, argazkilaritzaren nazioarteko hiriburu

Euskal Herriko Argazkilaritza Elkarteen Federazioak antolatuta, BilboArgazki 2013 jaialdiak datorren martitzenean zabalduko ditu lehen hiru erakusketak. Hil osoan zortzi erakusketa eta hainbat lantegi eta hitzaldi egingo dira, Bilbo argazkilaritzaren nazioarteko hiriburu bihurtuz.

Zhou Zhangyan ingeniari eta ekintzaile txinatarrarena izango da martitzenetik aurrera ikusi ahalko diren hiru erakusketetako bat. Haren irudiek mugimendua eta eszena harrigarriak azaltzen dituzte. Los Mundos espazioan ipiniko ditu, Simon Bolivar kalean. Hilabete osoan egongo da zabalik, eta urriaren 17an argazkilaria bera aretoan egongo da, Pekindik etorrita.

Zazpikaleetako udaltegian, berriz, La Bolsa eraikinean, Frederic Garrido argazkilari kataluniarraren Nindas erakusketa egongo da. Prentsan hasi zen Garrido, eta gero irakaslea izan da Bergako Arte eta Ofizioetako Eskolan. Nazioarteko 75 sari irabazi ditu.

Azken erakusketa talde batena izango da, aurtengo Argizaiola argazkilaritza sariketatik datozenena: Carlos de Cos irabazlearena, Luis Pontijasena eta Mikel Cabezasena. Batzar Nagusien erakusketa aretoan egongo da ikusgai. Erakusketok ikusteko sarrera doan da.