Trueba gogoan hartuta

6
Omenaldia

Galdames

Antonio de Trueba idazlea omentzeko jardunaldiak antolatu ditu Gurguxa kultur elkarteak, Trueba gunearen laguntzarekin. Antonen lehenengo bidaia izena jarri diete jardunaldiei, eta domeka honetan egingo dira.

Galdamesko Montellano auzoan emango zaio hasiera egunari, han jaio baitzen Trueba. Handik ibilaldi bat egingo da Santa Gadea auzora (Sopuerta), idazleak bertan igaro baitzuen bere gaztaroa. Antolatzaileek jakinarazi dute eskertuko luketela bertaratzeko interesa duen orok gurguxa@hotmail.com helbidera mezu elektroniko bat bidaltzea edo 699-25 82 46 telefonora deitzea.

Sopuertara 13:15 aldera iristea dago aurreikusita. Eta, idazlearen olerki bat irakurri ostean, berriro Montellanora itzuliko dira, autobusez. Bertan ekitaldi ofiziala egingo dute, Truebaren omenez eraikitako monumentuaren aurrean. Herri bazkaria egingo da gero, eta 17:00etan umeentzako pintura tailerra eskainiko du Jose Ramon Mardonesek. Bazkarirako izena emateko epea bukatuta dago jadanik.

Idazleari buruzko hitzaldi bat entzuteko aukera ere egongo da, 18:00etan, Txomin Etxebarria Mirones historialariaren eskutik. Jarraian, poesia errezitaldi bat eskainiko dute Muskizko poesia taldeko kideek, Trueba eta Montellano auzoaren inguruan betiere. Mus txapelketrekin eta bingoarekin emango diete bukaera jardunaldiei, 19:00etan.

Idazle, kronikagile, poeta

1819an jaio zen Antonio de Trueba idazlea. 15 urte zituela Madrilera joan zen bizitzera, Lehenengo Gerra Karlistari ihesi. Hala ere, idazleak beti mantendu zuen bere sorterriarekiko atxikimendua, omenaldiaren antolatzaileen arabera: “Sorterriarekiko oroimina suma daiteke bere idazki eta poemetan”, adierazi dute.

Idazle moduan genero ugari jorratu zituen Truebak. 1862an Bizkaiko Jaurerriko kronikagile ofizial izendatu zuten. Gainera, hainbat poesia, ipuin eta narrazio liburu argitaratu zituen.

ANTONEN 1. BIDAIA

Non. Montellano (Galdames) eta Santa Gadea (Sopuerta) auzoetan.

Noiz. Domekan.