“Mendebalaren historia laburtzen saiatu gara, bost talderekin”

“Herri kultura eta herrien kultura” ezagutzera emateko jaialdi modura sortu zen Mendabala folk jaialdia. Hamabi urteren ondoren, biharkoa izango du azken ekitaldia. Finantzaketa arazoak tarteko, antolatze lanak uztea erabaki zuten iaz. Aurtengoa jarraitzaileak agurtzeko prestatu dute. 21:00etan hasita, Santa Ana plazan, sei orduko folk kontzertua hasiko da. Hurrenez hurren, Xabi Aburruzaga, Aira da Piedra, Celtas Cortos, Prau eta Emon igaroko dira agertokitik, Kantauri kostaldeko herrietako musikaren ordezkari.

Zergatik erabaki duzue jaialdi gehiagorik ez egitea?

Egoera ekonomikoa dela eta, gero eta zailagoa da guretzat diru kontuak aurrera eramatea. Finantzaketa arazoa izan da, azken batean. Instituzioen diru laguntzetan murrizketak izan ditugu. Eta, gainera, gure jaialdia hasieratik doakoa izan da; sarrerarik ez da ordaindu behar izan. Hori horrela, ezinezkoa da halako jaialdi bat mantentzea, diru sarrerak kentzen zaizkizula. Ez da bideragarria doako jaialdi bat egitea, horrelako baldintzetan. Indarrik gabe sentitzen gara diru gehiago bilatzeko. Beraz, iaz erabaki genuen gehiago ez antolatzea. Beste egoera batean, beste belaunaldi batzuk etorriko dira seguruenik, haize berriekin.

Beraz, posible ikusten duzu urte batzuk pasatakoan Mendebala berriz itzultzea?

Horretarako, sentsibilizazio lana egin beharko da. Batez ere, jende gaztearen artean. Udalarekin ikusi beharko dugu nola egin. Orain, gogoeta garai bat hasiko dugu, eta ondo egiten bada, posible da denbora pasatakoan beste edizio bat agertzea. Hala ere, datorren urtean ez da izango; oso zaila da Mendebala hain azkar itzuli ahal izatea.

Ikusi dutenean azken edizioa izango dela, administrazioek ez dute ezer egin jaialdia salbatzeko? Ez duzue jarrera aldaketarik nabaritu?

Joan den urrian Sopuertako Udalarekin bildu ginen. Jaialdiaren egoera zein den azaldu genien. Gure asmoaren berri eman genien. Ulertu zuten, baina ezin izan dute askorik egin. Udal gehienak ere egoera ekonomiko txarrean daude oso.

Gero, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailarekin elkartu ginen. Haiek ere ulertu zuten, baina esan ziguten halako geldialdia egitea ona litzatekeela, eta gero jende berriarekin berriz martxan jartzen saiatu behar dugula. Guk gauza gutxi egingo dugu aurrerantzean, argi eta garbi esan baitugu gure zikloa amaitu dela. Baina beste batzuek hartuko balute antolatzeko ardura, hor egongo ginateke laguntzen.

Gero eta musika jaialdi gehiago dago gure inguruan: rock jaialdiak, jazzaldiak… Baina zuek arazoak dituzue aurrera egiteko. Folk musika bazterrera utzita dagoela sentitzen duzue, ez dela behar beste babesten?

Hasieratik esan dugu, eta gehiago sumatu dugu maketa lehiaketa antolatu dugunean: folk musika, sustraikoa, baztertuta agian ez, baina ez da lehen mailakotzat hartzen. Rock musika, heavya, jazza eta halakoak bultzatzen eta babesten dira gurean. Nortasunari lotutako musikak, folk musika, herri musika, berriz, nahiko ahaztuta daude.

Azken hilabeteotan bihar gauekoa prestatzen ibili zareten bitartean, zer sentitu duzue?

Alde batetik, tristura, baina, aldi berean, poza. Sekulako lana egin dugu. Bide berri eta polita ireki genuen, bai herrian bai eskualdean. Pozik gaude proiektu parte hartzaile bat bultzatu dugulako eta erakutsi dugulako kulturaren kudeaketa beste modu batera ere egin daitekeela.

Mendebala goi mailako jaialdia izan da, lehen mailako musikariak ekarri dituena. Hori aitortu izan zaiola iruditzen zaizue?

Publikoak ulertu du, eta aitortu dio, bai, baina Euskal Herritik kanpoko publikoak. Mendebala erreferentzia izan da gure mugetatik kanpo. Hemengoentzat, hor egon da, baina ez dute aintzakotzat hartu. Askotan galdetu diogu geure buruari zergatik hamabi urtean ez dugun lortu euskal herritarrengana iristea.

Eta zer erantzun aurkitu diozue galdera horri?

Lehen aipatu dugunari lotuta egon daiteke. Hemen beste musika estilo batzuetara ohituta gaude: rocka, heavya, jazza… Horiek dute arrakasta. Herri musika bigarren mailakotzat jo izan da.

Urte hauetan jaialdian parte hartu duten musikariek zer esan dizuete berria jakin dutenean?

Harrituta geratu dira. Azalpenak jasotakoan, ulertu dute gure erabakia. Penaz geratu dira. Haiek ikusten dute jaialdia goi mailakoa dela, eta hori galtzea tamalgarria iruditzen zaie. Hala ere, baikorrak dira, eta uste dute gogoeta tarte bat izango dela eta denbora pasatakoan berriz itzuliko dela.

Biharko gau hori nolakoa izango da? Zer aurkituko du entzuleak?

Betiko jaialdia aurkituko dute, doakoa. Artisautza azoka txiki bat izango da, beti bezala. BBK-k ohiko erakusmahaiak kendu dizkigu aurten; beraz, apalagoa egin dugu. Kanpalekua ere egongo da. Eta, musika mailan, Mendebalaren historia eta filosofia laburbiltzen saiatu gara, bost talderekin. Mendebala saiatu da herri kultura, kultura herrikoia eta nortasunen inguruko giroa sortzen.

Mendebalaren faltan, Bizkaiko folk zaleek zein egoera izango dute aurrerantzean?

Hemen argi dago bi ikuspuntu daudela kultura ulertzerakoan: ofiziala eta herrikoia. Ekitaldi ofizialak geratuko zaizkie, instituzioek antolatutakoak. Eta ekitaldi komertzialak. Baina herri ekitaldirik ez da izango, eta hori nabarituko dute folk zaleek. Datorren urtetik aurrera, jendeak Mendebalaren hutsunea nabarituko du, seguru.