Portugalete
Berriztasun dantza taldeak antolatuta, Giako Andra Mariaren jaia ospatuko du Portugaletek, astelehenean. Urtero bezala, egitarau zabala egongo da egun osoan herrian: 28 ordutakoa.
Argazki lehiaketa batekin hasiko dute eguna, 08:30ean. Ondoren, txupinazoa botako dute, eta txistulari eta buruhandiak alde zaharreko kaleak girotzen hasiko dira. Goiz osoan, umeentzako tailerrak, bertsolariak, pilota eta marmitako txapelketak eta euskal jantzien lehiaketa izango dira dira. Bestalde, Portugaleteko Guretzat musika bandak eta dantza taldeek goiza girotuko dute.
15:00etan, Coscojales kalean elkartuko dira portugaletetarrak. Gazte Leku fanfarrearekin, jaitsiera tradizionala egingo dute Ama Birjinari kanta egiteko. Ostean, AEK-k antolatutako umeentzako antzerkia izango da. Arratsalde osoan, kalejirak, dantza ikustaldiak eta musika bandak herrian barrena ibiliko dira. Horrez gain, Irrintzi txapelketa eta 40. soka-tira lehiaketa jokatuko dituzte. Ezkerraldeko herri gehienetako harri zulatzaileak ikusteko aukera ere izango da.
Gauean, udal musika bandak dantzaldia egingo du. Gauerdian, Haitzama orkestra arituko da, Berakatz zopa ere banatuko dute herrira biltzen direnen artean. Ohikoa denez, festa amaitu baino lehen, kulero eta galtzontzilloen lasterketa jokatuko dute. Ondoren, azken txupinazoa bota, eta, kantu artean, Ama Birjinari agurra egingo diote auzokideek.
Herriko jai ezagunena da Giako Andra Mari eguna eta Portugaleten bizi ziren Dominga eta Domingo senar-emazteak dira festaren ikur. Biak ere, jantzi dotoreenak soinean, sarri ibiltzen omen ziren herriko tabernetan, mozkor-mozkor bukatzen zuten arte. Gaur egun, haiek gogoratzeko asmoz, herritarrek bi panpina sortzen dituzte, eta, Coscojales kaleko jaitsiera egin bitartean, astindu egiten dituzte eguneko une hunkigarrienetako batean.
GIAKO ANDRA MARI
Noiz. Astelehenean ospatuko da, goiz, arratsalde eta goizalde.
Non. Portugaleteko alde zaharreko kaleetan izango dira ekitaldi guztiak.