Sanjoanek Leioa piztuko dute

Leioako San Joan jaiak hasi dira, eta, astelehenera arte, hamaika ekintza izango dira herrian. Giro onari eusteko, egitarau zabala izango da festetako bigarren asteburu honetan ere.

“Eskema bera jarraitu ohi dute jaiek urtez urte. Egoera ekonomikoaren arabera, kontzertuak aldatuz doaz. Hala ere, badira ohikoak diren ekintzak. Adibidez, eliza aurrean aurreskua dantzatzen da, alardea egiten dugu, koralak abesten du eta kirol probak antolatzen dira”, azaldu du Maite Iglesiasek, Gure Ohiturak Dantza Taldeko presidenteak. Ohikoa denez, euskal dantzak ikusteko aukera egongo da. Domekan, erromeria egingo dute. Umeak eta helduak arituko dira, eta Bizkaiko eta Gipuzkoako dantzen erakusketa egingo dute. Adibidez, dantzari dantza eta arku dantza ikusteko aukera egongo da. Inguruko bost talde arituko dira. Leioako Gure Ohiturak taldearekin batera, Erandioko Goialde, Getxoko Agurra, Erromoko Zasi eskola eta Areetako Dantzari izango dira festetan. “Gu ere saiatzen gara inguruko alarde guztietan parte hartzen: Zamudion, Derion, Sondikan, Erandion eta Getxon ibiltzen gara”, dio taldeko presidenteak.

Parte hartzea sustatzen

Iglesiasen arabera, “kuadrillek protagonismo handia dute Leioako jaietan”. Aurten, Gure Ohiturak Dantza Taldeak alardean baino ez du parte hartuko. Hala eta guztiz ere, ahalik eta ekitaldi gehienetan egon ohi dira. “Laguntzen saiatu gara beti; San Joan gaueko suan, jota txapelketaren antolakuntzan eta jai batzordean ibili gara, besteak beste”. Urteak joan ahala, kuadrillek hartu dute bere gain ekitaldien antolaketaren hein handi bat. “Taldeek ondo funtzionatzen dute, eta horrek ere herritarren parte hartzea sustatzen du”, azaldu du Iglesiasek. “Batez ere, festa parte hartzaileak nahi ditugu, eta, hori lortzeko, aspalditik lan egiten gabiltza elkarrekin”.

Auzokideen esku hartzerik handiena lortu nahi dute Leioako jaietan. “Ez dugu nahi herritarrak begirale soilak izatea; probetan eta ekintzetan parte hartzera animatzen ditugu beti. Gaur egun, kuadrillei esker, parte hartzailegoak dira herriko jaiak”, azaldu du Leioako dantza taldeko presidenteak.

Adin guztietarako leioarren gozamenerako ekintzak izango dira asteburu honetan ere. “Jaietan, guztiok gozatu behar dugu dantzatzen eta ondo pasatzen. Leioak beti antolatzen ditu ekitaldi asko. Eta jaiegun hauetan, herritar guztientzako jarduerak daude. Hala ere, 30 eta 50 urte artekoei gehiago kostatzen zaie festetan zuzenenan parte hartzea. Normalean, ikuskizunetara joaten dira, baina, oro har, ez dute parte hartzen; begirale soilak dira”.

Gure Ohiturak 1962an jaio zen. Hasieran, txistu taldea izan zen. Baina, 1976an, txistuak albo batera utzi eta dantza taldea sortzea erabaki zuten. Egun, adin guztietako 60 dantzari inguru dabiltza. Probasaioak Altzaga ikastolan egiten dituzte. Herriko gazteak erakartzeko, 4 urtetik gorako umeei eskolak ematen dizkiete. “Dantza taldearekin oso gustura gaude, eta udalak antolatzen dituen ekitaldi guztietan parte hartzen saiatzen gara. Adibidez, jai hauetan erromeriaren bidez egingo dugu. Gainera, duela hiru urte, txistu taldea berreskuratu genuen, eta, orain, zazpi txistulari dabiltza giroa alaitzen”.