Zornotza
Haizetara kaleko musikaren nazioarteko 7.jaialdiaz gozatzeko aukera egongo da asteburuan, Zornotzan. Udako kultura eta aisialdi programazioari hasiera emango zaio, eta heavy, funk, reggae, jazz edo perkusioa entzuteko aukera egongo da herrian.
Kaleko bandak dira jaialdiaren arima. Aurten, hamahiru herrialdetako 37 musika taldek aurkeztuko dute beren lana. Euskal bandei dagokienez, Durangoko Sugarri arituko da. Hemezortzi musikarik osatzen dute taldea, eta sari garrantzitsuak jaso dituzte azken urteetan Frantzian lehiatutako hainbat txapelketatan. Nazioarteko zein bertako abesti ezagunak erabiltzen dituzte beren emanaldietan; besteak beste, Abba, Rihanna, AC&DC eta Skalakariak. Beste alde batetik, Mexiko, AEBak, Herbehereak, Italia, Eslovenia eta Ingalaterrako musikariak ibiliko dira Zornotzan. Gainera, banda gonbidatuak ere egongo dira: Zubiaur Band eta Zaparrada Batukada. Gauez, jam session direlakoak antolatuko dituzte Harrison Hotelean.
Ohikoa denez, musika gastronomiarekin batera uztartuko dute antolatzaileek. Berritasun moduan, Arraibi plazan jateko eta edateko karpak ipiniko dira. Bertoko produktuak dastatzeko aukera egongo da: txakolina, ardoa, sagardoa, gazta, txerrikiak… Eskaintza zabaltzeko asmoz, sagardotegian ere eskaintza bereziak izango dira asteburuan zehar.
Sariak egongo dira
Musika jaialdian parte hartzen duten taldeek 10.000 euroko saria irabazteko aukera izango dute. Horrez gain, publikoaren saria eskainiko da: 4.000 euro. Musika tresna jole onenak ere aintzatespena jasoko du, 1.000 euroko beste sari bat.
Publikoaren saria zein bandak merezi duen hautatzeko, botoa eman ahal izango da bihar, 20:00etatik 01:30era, Sabino Arana kalean ipiniko den eremuan.
MUSIKA JAIALDIA
Noiz. Gaur hasi eta domekara arte girotuko dituzte bandek herriko plaza eta kaleak.
Non. Zornotzako kaleetan ibiliko dira musikariak. Zelaieta parkean eta Zubiondo eta Gernika plazetan ere arituko dira.