‘Tximintx’ euskaltzaleek 10. urteurreneko jaia dute

Derioko Tximintx euskara elkartea sortu zenetik hamar urte igaro direla ospatzeko, hainbat ekintza antolatu dituzte. Inguruetako herrietan derioztarrei tximintxak deitzen diete, eta hortik datorkio elkarteari izena. Hala, tximintx euskaltzale guztiek egiten duten lana ezagutzera emanez ospatuko dute urteurrena.

Alde batetik, Kultur Birikan elkartearen inguruko erakusketa atondu dute. Zabalik dago jadanik, eta ekaina bukatu arte egongo da hura ikusteko aukera. Bestetik, gaurko jaieguna dago. Derion be euskaraz gabiltz ipini diote izena. Asmoa egun osoan herrian euskaraz bizi direnei omenaldia egin eta haien egunerokotasuna erakustera ematea da. Hala, goizetik gauera, bata bestearen atzetik igaroko dira Kultur Birikatik.

10:00etatik 12:30era, eskolako umeek euren ikasgela bihurtuko dute kultur etxea. Hau da, ohiko eskola ikastetxe barruan egin ordez, denek ikusteko lekuan emango dute. Hurrengo bi orduetan institutuko ikasleek beste horrenbeste egingo dute. 16:30 arte Berbalagun egitasmokoak bilduko dira, euren artean euskaraz berba egitera.

Hurrengo ordubetean Derioko Kukuke antzerki eskolaren emanaldiaz gozatzeko aukera izango da. Ikasleek prestatu duten azken antzezlana taularatuko dute. 17:30ean herriko nagusiekin grabatu duten ikus-entzunezkoa ipiniko dute. Bideo horretan Derioko adinekoek euren bizipenak kontatu dituzte. Etnografia lana ez ezik, herriko betiko euskara ezagutzeko modua ere bada.

18:30ean, Txorierri ezagutu izeneko txapelketaren finala jokatuko da. Eskualdeko gazteak bizi diren ingurua zeinek hobeto ezagutu lehiatzen dira sariketa horretan. Gaur aukeratuko dute garailea. Ostean, Derioztarrak 5 kontinenteetan izeneko berbaldia egingo du Gotzone Imazek. Mundu zabalean ibili diren herriko seme-alaben bizipenak ekarriko ditu gogora.

Lainomendi euskal dantza eta txistu elkarteko neska-mutilen ikuskizuna 20:30ean hasiko da. Haien saioa bukatutakoan iritsiko da Tximintx elkartearen ekitaldi nagusia. Kideen esanetan, topa eginez bukatuko dute.

10. URTEURRENA

Non. Derioko Kultur Birikan.

Noiz. Gaur, egun osoan.