Denek jaso dute gonbidapena

Balmasedan dena prest dute bihar Euskal Ezkontza antzezteko. Ezteiak ospatzeko, egun osoko egitaraua osatu dute gainera. Eguzki dantza taldea, Errota Zahar kultur elkartea, Jatorrak txistulari taldea, Ekintza Gazte Asanblada, Zoko Maiteak taldea eta Nafarroa Kanta Taldea ibili dira prestatzen, hainbat herritarrekin. Osotara, 200 bat lagunek parte hartzen dute urtero. Hala ere, ezteietarako gonbidapena balmasedar guztiei egin diete antolatzaileek. Baita gainontzeko bizkaitarrei ere. Izan ere, jaiegunaren helburu nagusia herritarren parte hartzea sustatzea eta Balmasedan euskal kultura eta euskara bultzatzea da.

Biharko eguna, bada, goizean hasiko da. Euskal ezkontzetan egin ohi den legez, kalejiran abiatuko dira. 11:00etan irtengo dira San Severino plazatik senargaia eta hura lagunduko duen kuadrilla osoa. Ordubeteko ibilaldiaren ostean, emaztegaiaren bila joango dira. Izan ere, 12:00etan puntuan San Joan plazan izango dute zain. Hamaiketakoarekin egingo die harrera. Pastak eta moskatela izango dituzte. Ordu erdiko otorduaren ostean, senar-emazte bihurtuko den bikotea ezkontzara abiatuko da. San Severino plazan izango dute horretarako agertokia prest.

Ezkontza zibila eta erlijiosoa izango da, bietakoa. Behin bikotea senar-emazte bihurtuko denean, ohorezko aurreskua dantzatuko diete Eguzki dantza taldeko kideek. Beste hainbat dantzaren erakustaldia ere egingo da: besteak beste, jota, arin-arina eta biribilketa. Bukaeran, talde argazkia egingo dute, egun handietan egin ohi den legez. Gutxi gorabehera, 13:45erako bukatuko da ezkontza. Hala, ordu horretan trikipoteoan abiatuko dira gonbidatu guztiak Balmasedako tabernetan barrena.

Kanta bazkaria izango dute ondoren. 15:00etan elkartuko dira bazkaltzera, eta, azkenburukoen ostean, euskal doinu zaharrak abestuko dituzte. Gainera, umeentzako tailerrak ere izango dira, etxeko txikiek ere ondo pasa dezaten.

Arratsaldean, jai giroak jarraituko du. 18:00etan, sokatira herrikoian lehiatu ahal izango dira nahi duten guztiak. Egunari bukaera emateko, 19:00etan, ezkonberrien omenezko erromeria izango da. Ekitaldi horietan guztietan parte hartzeko, baldintza bakarra jarri dute: euskal jantziekin jantzita ateratzea kalera.

EUSKAL EZKONTZA

Non. Balmaseda.

Noiz. Etzi: goizean, kalejira; eguerdian ezkontza eta bazkaria; iluntzean, erromeria.