Sormen berrien leihoa

Antzerkialdia

Barakaldo

Bizkaiko Antzerki Ikastegiak ACT Nazioarteko Sortzaile Berrien Antzerkialdia antolatu du aurten ere. Ekintza, hausnarketa eta harremanetarako guneak sortzea eta eszena artista berriak bultzatzea da ACTren helburua.

Hamargarren jaialdia da aurtengoa, eta, ohi bezala, bertako zein nazioarteko artista hasiberrien topaleku izango da. Hain zuzen ere, besteak beste, Euskal Herriko, Andaluziako, Portugalgo, Italiako, Erresuma Batuko, Herbehereetako, Suitzako eta Belgikako ordezkarien sormen lanak egongo dira ikusgai.

Astelehenean hasi bazen ere, bihar arte hamaika emanaldiz gozatzeko eskaintza egon da Barakaldo antzokian eta Bilboko Kafe Antzokian, Itsas Museoan eta Guggenheimgo Zero espazioan. “Gainera, aurten eszena garaikidea hurbilduko diogu ikusleari ohikoak ez diren agertokietan”, esan dute antolatzaileek.

Hamaika lan labur lehian

Erakustaldiez gain, sortzaile berriek sortu, antzeztu eta zuzendutako hamaika lan labur lehiatuko dira jaialdian. Irabazleak 2.000 euroko saria eta Bizkaiko Antzerki Ikastegiaren Bilboko egoitzan hilabeteko egonaldi artistikoa egiteko laguntza jasoko ditu.

Gaur, Barakaldoko antzokian eta Bilboko Kafe Antzokian hainbat saio egingo dituzte. Lehenengoan, 19:00etan, Unidentititled eta A Solas lanen emanaldiak izango dira. Bigarrenean, Gaan, Hier un eta That’s It izango dira ikusgai 22:00etan hasita.

Bihar, 18:00etan, Bilboko Itsas Museoan Colección no permanente eta Seven Fall lanak antzeztuko dituzte. Kafe Antzokian, jaialdiaren amaiera ekitaldian, lehiaketaren sari banaketaren aurretik, iazko irabazle Ana Mendes portugaldarrak Dance Play ikuskizuna eskainiko du (22:00etan). Gero, sariak banatu ostean, Homo Ridens Bilbao saioarekin datorren urtera arte agurtuko da jaialdia.

ACT JAIALDIA

Zer. Hamargarren Nazioarteko Sortzaile Berrien Antzerkialdia antolatu du BAIk.

Non. Barakaldo antzokian, Guggenheimeko Zero espazioan, Bilboko Itsas Museoan eta Kafe Antzokian.

Noiz. Gaur eta bihar.