San Antonio egunean fedea eta jaia batuko dira Urkiolako erromerian

Tradizioari jarraituz, fedea eta jaia uztartuko dituzte urtero legez, datorren ostegunean, Urkiolako erromerian (Abadiño). Ekainaren 13an, San Antonio Paduakoaren eguna ospatuko dute santutegian. Menderik mende iraun duen tradizioa da erromeria, eta egitarauak ez du aldaketa handirik izan. Meza nagusia 12:00etan izango da, Mario Izeta gotzaina buru dela. Goizean, santutegian hainbat elizkizun egingo dira: 10:00etan hasi eta 13:00ak arte, orduro meza izango da, eta arratsaldean, 18:00etan.

Fedeaz gain, ganadu eta nekazaritza produktuen azoka, trikitilariak eta bertsolariak ere inguratuko dira Urkiolako santutegira. Baita harriari bikotekide eske joango direnak ere. Hurrengo domekan, gainera, errepikapena izango da. Herri kirolen erakustaldia egingo dute meza ostean. Bezperan, Arratiako fededunek errogatiba egingo dute, oinez. 06:00etan abiatuko dira Dimatik, 08:00etan Zeanuritik. 11:00etan iritsiko dira Urkiolara.

SAN ANTONIO EGUNA

Zer. San Antonio Paduakoaren omenezko eguna.

Non. Urkiolako santutegian.

Noiz. Ekainaren 13an eta hurrengo asteburuan.