Trikiti doinuek beteko dituzte bihar Plentziako kaleak. Erromeria erraldoi baten agertoki bihurtuko da Uribe Kostako herria. Izan ere, Bizkaiko Trikitixa Elkarteak Bizkaiko Trikitixa Eguna antolatu du laugarren urtez. Bertoko trikiti eskoletako ikasle eta irakasleak, trikitilariak eta musika horren zaleak elkartuko dira. Jaieguna elkarrekin ospatzeaz gain, trikitia ezagutzera ematea da helburua. Aurreko ekitaldietan ehunka trikitilari elkartu izan dituzte, eta aurten bildutakoen kopurua handitzea gustatuko litzaieke.
Parte hartuko duten trikitilariei 12:00etan elkartzeko deia egin diete antolatzaileek. Plentziako eliza aurreko plazan jarri dute topagunea. Ordu erdi inguru izango dute denak batzeko. Izan ere, 12:30ean, trikiti eta panderoak astinduz, hiribilduan barrena abiatuko dira. Lehenengo, alde zaharreko kale estuetan ibiliko dira, eta, ostean, itsasadarraren inguruetara jaitsiko dira.
Trikiti, porrusalda, kalejira eta arin-arin doinuek lagunduta, bada, poteoan ibiliko dira. Kantuan eta bertsotan aritzeko aukera ere izango dute. Euskal Herriko kantarik ezagunenak eta Bizkaiko koplarik zaharrenak joko dituzte. Baita bestelako kantuak ere, elkartearen helburua trikitiak edozein musika mota jotzeko balio duela erakustea baita.
Eguerdian, berriz, Jai Alai pilotalekura joango da trikitilari eta pandero jole talde erraldoia. Izan ere, 15:00etan bazkaria izango dute. Eguna biribiltzeko, erromeria antolatu du Bizkaiko Trikitxa Elkarteak. 19:00etan hasiko dute emanaldia Saltoka taldeko kideek, Astillero plazan. Elkartuko diren guztiak dantzan jartzea izango da Ipar Euskal Herritik etorriko den laukotearen asmoa. Soinuak, baxuak eta gitarra akustikoaren musikak lagunduta, Beltzane Obanosek zein pauso jarraitu beharko dituzten esango die aurrean izango dituen erromeria zaleei.
TRIKITIXA EGUNA
Noiz. Bihar ospatuko da, egun osoz. Goizean kalejira, eguerdian bazkaria eta arratsaldean erromeria.
Non. Plentzian.