Olatu gainean ibiltzen

Surf txapelketa

Sopela

Surflariak Bizkaiko kostaldeko olatuetara igoko dira berriz ere. Izan ere, Monsterrek babesten duen Euskal Surf Zirkuituaren lehenengo proba antolatu dute asteburu honetarako, Sopelako Arrietara hondartzan.

Euskal Herriko Surf Federazioak jakinarazi duenez, 2013ko zirkuituak Bizkaian antolatuko du lehenengo norgehiagoka. Hainbat mailatako lehiakideak arituko dira. Alde batetik, Open zirkuitu bakarra egongo da; bestetik, nahi duten guztiei irekita dago. Emakumeek ere leku berezia izango dute, eta hainbat mailatan lehiatu ahalko dira.

Bestalde, lehiatzeko sistema ohikoa izango da. Erakustaldietan jasotako puntuen bidez, kanporaketak egingo dituzte zapatuan eta domekan jokatuko duten txapelketetan.

Hurrengo probak uda ostean egingo dira. Eguraldia gorabehera, surflari parte hartzaileak Zarautzen ibiliko dira irailaren 21ean eta 22an. Hurrengo proba Mundakako uretan jokatuko dute, abenduan.

Zirkuituaren sailkapena egiteko, antolatzaileek herrietan egindako hiru probetan eskuratutako puntuak baloratuko dituzte. Gainera, azkenengo txapelketan aritzeko, itxia izango baita, aurreko biak hartuko dira kontuan.

Sariei dagokienez, zirkuitu osoko diru saria 9.000 euro izango da; hau da, 3.000 euro lehiaketa bakoitzeko. Hala, Euskal Surf Zirkuitua Europako erakargarrienen artean dago.

Lehiak maiatzean hasi behar zuten, baina, eguraldi txarra zela eta, ekainera arte atzeratzea erabaki zuten. Antolatzaileek adierazi dutenez, ekitaldia baldintza ezin hobeagoekin egitea gustatuko litzaieke.

Parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa izango da federatuta egotea. Txapelketari buruzko informazio gehiago lortzeko, www.euskalsurf.com webgunea bisitatu daiteke.

EUSKAL SURF ZIRKUITUA

Noiz. Zapatuan eta domekan. Asteburu osoan, emakumeen eta gizonezkoen probak jokatuko dituzte hainbat mailatan.

Non. Sopelako Arrietara hondartzako uretan lehiatuko dira parte hartzaileak.