Adarraren deia, batzarrera

Datorren domekan Deiadar Mendien 10. Eguna ospatuko da. Bizkaiko Batzar Nagusiek aurten Oiz aukeratu dute. Garaiko udaletxe ondoan jarri dute abiapuntua. 09:00etan irtengo dira, eta 12:00ak aldera iritsiko dira gailurrera. Behin tontorrean, garai batean bezala batzar nagusirako deiadarra joko dute. Antolatzaileen esanetan, ez da aparteko prestakuntzarik behar eta edonork egiteko modukoa da.

Duela hamar urte hasi ziren jai hau ospatzen, Erdi Aroko ohitura gogora ekartzeko asmoz. Bost deiadar mendi zituen Bizkaiak, merinaldeetako ordezkariei batzar nagusietarako deia egiteko. Tontor horietan adarra jotzen zuten, eta sua pizten zen. Hartara, kideek bazekiten Gernikako batzar etxera jo behar zutela.

Bost mendi hauek Bizkaiko jaurerriko geografian estrategikoki banatuta daude. Izan ere, edozein herritatik ikusten da haietako bat. Enkarterriko ordezkariei deitzeko, Kolitza mendia erabiltzen zuten. Sollube menditik Bermeo eta Txorierri eta Uribe Butroeko ordezkariak deitzen zituzten. Gorbeia zen Arratia eta Nerbioi ibaien eskualdeetako erreferentzia. Ganekogortatik Bilboalderako deia egiten zen. Azkenik, Oiz mendia Durangaldetik, Lea-Artibai eskualdetik eta Busturialdetik ikusten da.

Batzar nagusiak berreskuratu zirenetik 25 urte betetzen zirela eta, 2004an sortu zuten mendi igoera hau. Lehen ekitaldi hartan bost mendietara igo ziren era berean, eta guztietatik egin zuten deia. Ordutik, urtero bost mendietako bat aukeratzen dute. Batzar nagusietako ordezkariekin eta parte hartu nahi duten herritarrekin batera, Balmasedako mendi taldeko kideak, Bilboko Gailurra taldekoak, Lemoako Ganzabalekoak, Bermeoko Sollube 707 taldekoak eta Durangoko Alpino Tabirakoak ere igoko dira Oiz mendira.