Arraina jateko festa

Arrain Azoka

Bermeo

Kontserba industriaren erakusleiho bihurtuz, Bermeok XIX. Arrain Azoka egingo du gaurtik domekara arte. Ekintza horren bidez, sasoiko arrainak jateak duen garrantzia azpimarratuko dute.

Idurre Bideguren Bermeoko alkateak azaldu duenez, sasoiko arrainak jatearen abantailak asko dira: “Euskal kostaldeko arrantzaleen onurarako da, arrainen bizitza zikloa zaintzen du eta gure elikadura ere hobetzen du”.

Aurten, hogei erakustoki egongo dira. Horietan, askotariko produktuak dastatzeko zein erosteko aukera egongo da. Horrez gain, jarduerez beteriko egitarau zabala prestatu dute. Gaur, esate baterako, 19:00etan, Jose Maria Ferarios Azti-Teknaliako Arrantza eta Itsas Teknologia Saileko teknikariaren Dakarreko kanpainak liburua aurkeztuko dute.

Bestalde, bihar, 11:30ean, argazki rallya eta Latie emongotsut izeneko Bermeoko kontserba enpresen inkesta-jolasa egingo dira. Jolas horren bitartez, Bermeoko kontserbak bultzatu nahi dituzte. Horretarako, bisitariei kontserba bat dastatzea proposatuko zaie, eta burura datorkien hiru hitz esateko eskatuko zaie. Ondoren, kontserba lata bat oparituko diete.

Azokak iraun bitartean, Urpeko zinemaren zikloa, dokumentalak, pintxo lehiaketa, erakusketak, marrazki txapelketa, umeentzako ekintzak, fanfarreak, dantzak, danborradak, txistulariak, trikitilariak eta erraldoiak izango dira, besteak beste.

Arraina protagonista nagusia izango denez, karpa jatetxe bat ere ipiniko dute, eta, alboan, arraindegi bat egongo da. Bertan, arrain freskoa eskuratu ahal izango da, etxera eramateko eta jatetxean prestatzeko.

Txangoak ere antolatuko dituzte astebururako; hala, nagusiek eta umeek Hegaluze itsasontzian Ogoño parera joateko aukera izango dute.

XIX. ARRAIN AZOKA

Noiz. Gaurtik domekara arte egongo da zabalik, goizez eta arratsaldez.

Non. Bermeon egingo dute. Kulturarekin harremana duten ekintza ugari Nestor Basterretxea aretoan izango dira.