Baserritarren jaia berotzen

Gaur hasi eta domekara bitartean, deriotarrek San Isidro jaiak ospatuko dituzte. 19:00etatik aurrera, Herria martxan, martxa herrian ekitaldiaren barruan biribilketa egin ostean, herriko plazan hainbat jarduera egingo dituzte. 20:30ean, pregoia eta traka egin, eta txitxiburruntziarekin hasiko dituzte jaien ospakizunak. Gauean bost musika talderen kontzertuak egongo dira txosnetan.

Bihar goizean sukalkia, eskulangintza azoka eta umeentzako jolasak egingo dituzte. Gauean Mental Eraser, Hesian eta Vendetta taldeen eta DJ Bullen emanaldiak izango dira. Etzi, elikadura azoka eta eskualdeko dantza taldeen alardea egingo dituzte goizean. Arratsaldean, ostera, pelota eta briska txapelketak izango dira. Baita txitxarrilloa eta salsa dantzen erakustaldiak ere.

Eguaztena, San Isidro eguna, haur eta gaztetxoentzako ekintzez beterik dago. 11:30etik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara haientzako jarduerak eta marrazki lehiaketa izango dira. Bestalde, urtero legez, San Isidro elizan meza egongo da goizean. Jaiei amaiera emateko txokolate jana egingo dute arratsaldean.

Txorierrin Larrabetzuk ere ospatuko du baserritarren eguna. Goizean herriko ekoizleen produktuak salerosteko azoka egongo da plazan. 11:00etatik 15:00etara egongo dira erakusmahaiak zabalik. 12:00etan, umeentzako jolasak izango dira. 12:30ean, berriz, baserritarrek eurentzat prestatutako luntxa izango dute, trikitilariek lagunduta. 14:30ean, gainera, bazkaltzeko elkartuko dira. Bazkalostean briska eta mus txapelketak izango dituzte eta 17:00etan emakumezkoen pala txapelketa jokatuko da.

Arrietan, eguazten goizean meza eta baserritarrentzako omenaldia eta hamaiketakoa izango dituzte. 19:00etan, berriz, hiru uztarriren arteko idi probak izango dira probalekuan. Lemoizen goizean egingo diete omenaldia herriko baserritarrei, meza ostean.

Zeanuriko feria

Zeanurin egun handia izaten da San Isidrorena. Abere, Artisau eta Nekazaritza Produktuen 32. Azoka egingo dute, urteroko legean, eguaztenean. 10:00etan zabalduko dute azoka. Besteak beste, ardiak eraisteko zein gaztagintza erakustaldiak, ardi mozketa lehiaketa eta artxo errearen dastaketa egingo dituzte. 11:00etan, meza izango da, San Isidro elizan. 12:00etan, Arrikibar dantza taldekoen emanaldia eta azokako sari banaketa izango dira, plazan. Arratsaldean, idi probak egingo dituzte probalekuan: Zeanuriko Mintegi baserriko idiak, Mungiako Iñaki Lopategirenak eta Gatikako Jon Ander Bilbaorenak lehiatuko dira.

Zapatuan bukatuko dira jaiak , segalarien arteko lehiarekin, triki poteoarekin eta bertso afariarekin. Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso ibiliko dira kantuan.

SANISIDROAK

Zer. Baserritarren egunaren inguruko ospakizunak.

Noiz. Asteburuan eta eguaztenean.

Non. Derio, Larrabetzu, Zeanuri, Arrieta, Lemoiz…