Mungia
Saiatu Fundazioak, Valentin Uriona Txirrindulari elkartearekin elkarlanean, XVII. Bizkaiko Paracycling Bira antolatu du astebururako Mungian.
Nazioarteko txirrindulari egokitu onenak elkartuko dira herria zeharkatzeko. Birak hiru etapa izango ditu: bi erlojuaren kontrakoak izango dira, eta hirugarrena, iraupen lasterketa bat. Erlojuaren kontrakoak zapatuan jokatuko dira, goizean eta arratsaldean, eta Gamiztik zenbait buelta eman beharko dituzte. Iraupeneko proba, berriz, domeka goizean izango da, eta Mungian izango ditu irteera eta helmuga; hau da, herria behin baino gehiagotan zeharkatuko dute, zaleek kirolariak ikusteko abagunea izan dezaten. Ostean, 13:45ean, sari banaketa egingo da.
Aurten, Britainia Handitik, Frantziatik, Alemaniatik, Italiatik, Belgikatik, Portugaldik, Noruegatik, Moldaviatik, Siriatik, Ghanatik, Errusiatik, Israeldik, Argentinatik, Venezuelatik, Perutik eta Espainiatik etorritako kirolariek eman dute izena.
Hainbat modalitate
Ohiko moduan, txirrindularitza egokituaren barneko lau modalitate elkartuko dira lasterketa horretan: trizikloa (T1 eta T2), bizikleta (C1, C2, C3, C4 eta C5), tandema eta hand-bikea (H1, H2, H3 eta H4). Horietan guztietan emakumeek eta gizonek parte hartzeko aukera izango dute. Gainera, UCI 2013 sailkapenerako proba puntuagarria izango da.
Lasterketa hori kirol egutegi ofizialetako agendetatik at dago. Hori dela eta, kirolari egokituek aukera gehiago dituzte parte hartzeko.
Iaz hamalau herrialdetatik etorritako 130 txirrindulari baino gehiago aritu ziren lasterketan. Horien artean, saritutako zenbait kirolari paralinpiko ere izan ziren.
TXIRRINDULARITZA
Noiz. Zapatuan eta domekan izango dira txirrindularitza egokituko birak.
Non. Mungian eta inguruetako herrietan egingo dituzte hiru lasterketak.
Modalitateak. Bizikleta, triziklo, tandem eta hand-bike txapelketak egingo dituzte.