Urteurren borobilak

Hor Dago Abante konpartsak hogei urte bete dituela eta BERRIA-ren hamargarren urteurrena ospatzeko bazkari bat egingo dute bihar. “Urtebetetzeak normalean otorduen inguruan ospatzen direnez, zer hobea bazkari bat baino”, adierazi du Arantza Ibabek, Hor Dago Abante konpartsako kideak.

Ospakizun bikoitza izango da, beraz. “Biok egiten badugu urtemuga borobil bat, zergatik ez ospatu elkarrekin”. Aukera paregabea izango da konpartsak eta egunkariak egin duten bidea elkarrekin gogorarazteko eta hemendik aurrera egin beharrekoa sustatzeko.

Izan ere, bien arteko lotura aspalditik dator. Hor Dago Abante Euskaldunon Egunkaria-ri loturik sortu zuten: “Historikoki, beti izan dugu harremana; konpartsa hasieran, Euskaldunon Egunkaria-rekin lotuta egon zen. Gero, Egunkaria itxi eta BERRIA sortu zenean, BERRIAri lotuta jarraitu dugu”. Urteurrenez gain, bien arteko harreman hori ospatzeko eguna ere izango da biharkoa.

Kafe Antzokian egingo dute bazkaria, baina aurretik, 13:00ak aldera, poteoa egingo dute, lagun artean. Cafe Bilbaon hasi, eta sarrerak salgai dauden tabernetatik egingo dute ibilbidea. Ondoren, bazkaldu aurretik BERRIA-ren hamargarren urteurrenaren inguruko bideoa emango dute, 14:00ak inguruan.

Bazkaldu ondoren, bertsolarien eta musikarien emanaldiak egingo dituzte, “bazkaloste on bat egiteko”. Halaber, konpartsaren ibilbidea erakusten duen argazki bilduma bat erakutsiko dute.

Eguna musika doinuekin, kantuan eta dantzan amaituko dute. Ibabek adierazi du aukera paregabea dela lagun zahar eta berriek “egun ederra” pasatzeko: “Giro polita egongo da, eta, gainera, aitzakia ezin hobea izango da BERRIAri aurrera egiten laguntzeko eta konpartsakoekin eguna konpartitzeko”.

Bazkaria ez da soilik konpartsako kide edota BERRIAren irakurleentzat; “giro euskaldunean tarte on bat igaro nahi duen edonor joan daiteke bazkarira”. Halaber, Ibabek esan du aukera polita izan daitekeela konpartsakide izateko asmoz dabiltzanentzat, elkarren berri izateko eta konpartsaren giroa ezagutzeko. “Giro euskalduneko konpartsa da gurea, eta euskarazko komunikabideei laguntzen saiatzen den topagunea”, zehaztu du.

Aste Nagusiari begira

Lau hilabete falta badira ere, Hor Dago Abante-ko kideak dio laster ekingo diotela Bilboko Aste Nagusia prestatzeari. Ordurako ere ospakizun berezi bat prestatuko dutela iragarri du: “Hogei urte ez dira egunero betetzen, eta zerbait berezia egingo dugu”.

Biharkoaren ondotik, abuztuan dute, hortaz, hurrengo hitzordu garrantzitsua. Konpartsek badakite Bilboko Aste Nagusia bilbotarrentzat ez ezik gainontzeko bizkaitarrentzat ere bilgune esanguratsua dela, eta, hortaz, udaberriko ospakizun “xume” honen ostean, udan egingo dute ospakizun “handiagoa”.

URTEURREN BAZKARIA

Zer. Hor Dago Abanteren hogeigarren urteurrena eta BERRIA-ren hamargarren urteurrena ospatzeko bazkaria.

Non. Bilboko Kafe Antzokian.

Noiz. Bihar, 14:00etan.

Sarrera. Hamazortzi euro. Txartelak salgai daude Kafe Antzokian, Cafe Bilbaon eta Morga tabernan.