Sopelako AEK-k antolatuta, 20. urtez, Esaera Zaharren Txapelketa jokatuko da bihar, Non zaldarra, han atzamarra lelopean.
Izena emateko epea igaro da, baina bertsoak entzunez esaera zaharrak ikasi gura dituztenek jai aparta izango dute. Lehiakideak 11:00etan banatuko dira multzoka, eta nork bere bidea hartuko du, tabernaz taberna, musika giroan. Albeko kideen bertso idatziak entzun, eta bakoitzak gordeta daukan atsotitza zein den asmatuko beharko dute. Aurrez emango zaie zerrenda.
15:00ak aldera, herri bazkaria egingo da Sopelako frontoian. Bazkalostean, berriz, finalerdiak eta finalak jokatuko dira. Goizeko moduan egingo dute, baina bertsoak bat-batekoak izango dira. Lehia bukatuta, erromeria izango da Dingiliske Plaza taldearekin.