Animaliak protagonista

Baserritarren azoka

Morga

Beste urte batez, lehenengo sektorea babesteko eta sustatzeko asmoz, Morgako Udalak XIV. Morgako Azoka antolatu du domekarako. Salerosketak eta erakusketak ez ezik, beste hainbat ekitaldi ere izango dira goiz osoan. 10:00etatik aurrera, herritarrak eta bisitariak euskal nekazaritzara gerturatuko dira ohiko azokaren bidez. Aurten, 28 postu ezarriko dituzte Andra Mari elizaren inguruetan, plazan eta frontoian. Horietan, sor-marka duten produktuak eta artisautza produktuak eskuratzeko aukera egongo da. Besteak beste, honako produktu hauek dastatu eta erosi ahal izango dira: ogia, gozokiak, euskal pastela, gazta, eztia, sagardoa, txakolina, txokolatea, patea, kontserbak, marmeladak eta nekazaritza ekologikoak ekoitzitako produktuak.

Beste alde batetik, artisautza lanak ikusi eta erosteko abagunea izango da. Adibidez, altzariak eta egurrezko tailuak, beiraz eta larruz egindako produktuak, zilar bitxigintza, esku pilotak, oleoak, grabatuak, eskuz margotutako kamisetak eta artilezko abarkak eta galtzerdiak egiten dituzten eskulangileak egongo dira azokan. Gainera, kasu askotan, artisauek lana nola egiten duten zuzenean ikusteko aukera izango dute bisitariek.

Giro ona izango da. Ohiko moduan, taloak dastatzeko postu bat jarriko dute plazan. Horrez gain, txosna bat ere jarriko dute, eta musikak herriko kaleak girotuko ditu goiz osoan.

Zaldi probak

Ekitaldi nabarmenen artean, zaldi proben erronka dago. 13:00etan hasiko da, eta, aurten, Amalloko Giñerregiren Guda eta Munitibarko Motrolluren Lai arituko dira lehian. Zaldiek 1.010 kiloko pisua duen harria mugitu beharko dute, ordu erdiko bi saiotan.

Zaldiak ez dira izango azokako animalia bakarrak. Batetik, arrano eta belatzen falkoneria ikuskizuna egongo da. Bestetik, goiz osoan, animalia exotikoen erakusketa bat antolatu dute.

XIV. MORGAKO AZOKA

Noiz. Domeka honetan egingo dute azoka.

Non. Andra Mari elizaren inguruetan, plazan eta frontoian antolatuko dira ekintzak.