Mendi bizikleta-martxa batekin hasiko dira bihar Gatikako jaiak

San Marko eguna datorren eguenean bada ere, bihar bertan hasiko dira Gatikako jaiak. 10:30ean, mendi bizikleta-martxa abiatuko da, eta 14:30ean, putxeran egindako indaba txapelketa egingo dute.

Domekan, berriz, urteroko ganadu, ortuari eta eskulanen azoka egingo da, goiz osoan. Erakustaldia girotzeko, Intxurtxu dantza taldeak emanaldia eskainiko du 12:30ean. 13:00etan, desafioa izango da probalekuan: Liher Arostegiren astoa Gatikako zortzi gizonen aurka lehiatuko da. Eguna bukatzeko, Kalakan taldeak kontzertua emango du frontoian, 19:00etan.

San Marko egunean, berriz, apirilaren 25ean, santuaren omenezko meza, adinekoentzako luntxa, briska txapelketa eta bingoa izango dira, besteak beste.