Pauso memoriadunak

Dantza

Sopela

Aukera dantza konpainiak Gernika, mihise gaineko dantza ikuskizuna aurkeztuko du bihar Sopelako kultur etxean.

1937ko apirilaren 26an Gernikan gertatu zen bonbardaketaren kontakizuna da; protagonisten ahotan, lehenengo pertsonan azalduta. Hain zuzen ere, hainbat herritarrek beren bizipenak eta testigantzak kontatzen dituzte.

Ikuskizun horrekin hausnarketa eragin nahi dute, zenbait giza errealitatera hurbilduta. Horretarako, bonbardaketan hil zirenek —berpiztu ostean— azaltzen dute gertaturikoa. Ezbeharraren aurretik nolako bizimodua zuten eta bonbardaketak utzitako ondorioak kontatzen dituzte. Dantza tradizionala eta garaikidea batzen ditu emanaldiak. Memoriaren bidez bizi berri batean berpiztea posible dela adierazten dute dantza emanaldiko protagonistek.

Argi eta koloreez gain, doinuak ere garrantzia dauka: Aitor Amezagak konposatutako musikak eta Pablo Sorozabalen Gernika martxa ezagunak girotzen dute ikuskizuna. Era berean, Alaitz Ormazabalen ahotsak ere Gernikako sarraskiaren memoria “bizirik mantentzen” laguntzen du, konpainiako kideen esanetan. Izan ere, narratzaile zein abeslari moduan, kontu eta bertso zaharrak uztartuz, gertatu zena azaltzen du.

Aldez aurretik sarrera erosi gura dutenek udaletxean, Kurtzio kultur etxean edota Larrabasterrako Sopelarin bulegoan eskura dezakete sei eurotan.

Lehengoa gaurkotuz

Orain dela hamasei urte sortu zuten Aukeran dantza konpainia, eta ordutik tradiziozko dantza hizkuntza berriak sortzen dihardute. Ballet klasikoa eta dantza garaikidea lantzen dituzte. Koreografietan arau asko desegituratu eta garaiko atalak eransten dituzte. Horrela, euskal tradiziozko dantzaren aberastasuna erakusteko asmoz, hizkuntza berri eta gaurkotuago bat lortuz.

DANTZA IKUSKIZUNA

Non. Kurtzio kultur etxean.

Noiz. Bihar, 20:30ean.

Sarrerak. Sei euro. Aurretik salgai daude udaletxean, Kurtzio kultur etxean eta Larrabasterrako Sopelarin bulegoan.