“Saregileek egiten dutena oso lan gogorra eta ezezaguna da”

Itsasoa irakurtzean, askok arrantzaleekin eta arrantza munduarekin lotzen dute hitza zuzenean. Baina ozeanoak handiak diren heinean, eta hamaika altxor ezkutatzen dituzten moduan, ezezagunak diren kontzeptu asko ikas daitezke oraindik ere itsasoaren inguruan. Ezjakintasun hori baliatu zuen Pedro Garcia Larragan kazetariak (Bilbo, 1965) ETB1en emititzen zen Kresala programa ia bi urtez aurkezteko. Saioa 2010eko otsailean hasi zuten, itsasoarekin lotutako mota askotako gaiak jorratzeko asmoz. Murrizketen ondorioz, iazko abenduan utzi zioten emititzeari.

Hedabideek, maiz, arrantza mundua ahaztu egiten dute, eta gaia eta protagonistak albo batean gelditzen dira, baztertuta. “Gezurra ematen du Euskal Herriaren gisako herri batek itsasoari lotutako saio bat ez edukitzeak”, kexatu da Garcia Larragan. Berak azaldu duenez, Kresala komunikabideek duten hutsune hori betetzeko sortu zen. “Eduki hori lantzen duen programa bat beharko litzateke, gutxienez”.

Arrantza mundua sakon ezagutarazi zuten Kresala-n. “Oso erreportaje politak irten ziren arrantzaleen itsasontzietan joanda eta bertatik ikusita tripulazio batentzat arrantza egun bat nolakoa den”, azaldu du. Harrapaketen gorabeherak, arrantzaleen bizimodua, arrain lonjen nondik norakoak, baxurako flotaren egoera, pirateriaren arazoa eta antzeko gaiak jorratu zituzten. Hau da, jendeak ezagunak dituen arloak izan zituzten hizpide sarri.

Baina, horiez gain, merkataritza ontzien ibilbidea, luxuzko itsas bidaiak, itsas kirolak edo merkantzia portuak aztertu zituzten, itsasoari buruz ahalik eta ikuspegirik zabalena emateko. Gainera, gaia musikan, zineman eta arte plastikoetan nola islatu den ere landu zuten.

Esparru “erakargarriak” lantzen zituzten. “Arrantzaleen bizimoduarekin zerikusirik ez duten beste gai batzuk ere badaude, eta nik pentsatzen dut ez direla hain ezagunak; adibidez, jende askok ez ditu ezagutzen itsas energiarekin egiten ari diren gauzak”. Esate baterako, Mutrikuko (Gipuzkoa) itsas zentrala aipatu du kazetariak: “Uste dut jende askok ez dakiela Mutrikun daukagun zentrala bakarra dela estatuan, eta ekimen oso aitzindaria da”. Beste alde batetik, portuek duten garrantzia azpimarratu du Garcia Larraganek. “Bilboko portua estatu osoko gas naturalaren ate nagusia da, eta niretzat oso gai erakargarria da, ezezaguna delako”.

Ia bi urtean, ospe handia lortu zuen saioak. Kostaldeko herrietan ezagutzen zuten, batez ere. “Nahiko harrigarria zen; hainbat tokitan, hurrengo egunetako programazioa ekoizten ari ginenean, askok jada ezagutzen gintuzten”. Kate publikoko asteroko ikus-entzule datuen arabera, ordea, Kresala-k ez zuen ikusle multzo handirik ekarri. Saioaren ikusle kuota, hau da, programa bat ikusten ari diren etxeen kopurua adierazten duen portzentajea, “ETB1eko batez bestekoaren %2 eta %3 artean” zegoen, gutxi gorabehera, kazetariak dioenez. Hala eta guztiz ere, kontatu du saioak jarraitzaile ugari zituela. “Guk sumatzen genuen itsasotik gertu dauden herrietan ikusten gintuztela, batez ere, eta, gainera, hainbait pertsonarekin hitz egiten genuenean, programa gustura ikusten zutela antzematen genuen”.

Saregileak gogoan

Itsasoarekin zerikusia duten lanbide ugari hurbildu dizkiete ikusleei. Garcia Larraganentzat, aipagarrienetariko bat saregileen ogibidea da. “Saregileek egiten dutena oso lan gogorra eta ezezaguna da”. Gogoan du lan baldintza zailetan aritzen zirela. “Meritu handia daukate; atzamarrak zigortuta daukate neguaren indarrarengatik. Benetan lan gogorra da haiek egiten dutena”.

Lanbidea gertutik ezagutzeko aukera izan zuen Getarian eta Hondarribian (Gipuzkoa) grabatutako saioetan. “Biltegi batean egon ginen; bertan, hotz handiarekin lan egiten zuten, baina haiek poz-pozik aritzen ziren”, gogorarazi du. Nahiz eta saregile gutxi egon, haien lana goraipatu du. “Nahiko harrigarria da ikustea XXI. mendean ez dela landu zeregin horretarako industriarik bat, makinarik eta robotik”.

Euskal portuen egungo egoerari dagokionez, kazetariak arrantza munduari ematen zaion arreta eskasa salatu du. “Krisi garaietan, ez diote arretarik jartzen”. Gero eta itsasontzi gutxiago egongo direla uste du, eta, gainera, etorkizunean Europatik etorriko diren arauek ere baldintzatuko dutela arrantzaleen egoera.

Bigarren eta hirugarren sektoreen garrantzi ekonomikoa gora egiten ari da etengabe; lehenengo sektorea, berriz, atzean gelditu da neurri handi batean, eta, gaur egun, eragin mugatua dauka. “Gure barne produktu gordinaren %1 edo %2 hartzen du arrantzak; hortaz, gure aberastasunaren zati txiki-txiki bat da”, azaldu du Garcia Larraganek. Hala ere, itsasoaren munduak hartzen duen txikitasun hori kontuan hartuta aldarrikatu du Kresala-ren lana: “Ohituraren edo jardueraren aldetik, badauka garrantzia, eta geure euskal kulturaren kutsu oso garrantzitsua da. Horrexegatik, merezi du mota horretako programa bat egotea”.