Emakumeen ‘alter ego’-ak

Andrea Abaliaren eta Lide Kaltzadaren margolan eta argazkien erakusketa da Alter Ego, eta asteon inauguratu dute, Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzan. Emakumeak dira sortzaileak, baita lanetako protagonistak ere; askotan, egileak eurak ageri dira obretan. Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Batzar Nagusien arteko elkarlanaren ondorioz ikus daitezke Arte Ederretako Fakultateko artista gazteen sormen lanak.

Gogoetarako aukera ematen duten erretratuak dira; ikuspegi kritikoa dute. Hasieran, agian, atzeman ez arren, errealitatearen gaineko gogoeta sakona biltzen dute, eta ñabardura txikiek uste baino garrantzi handiagoa daukate. “Baliteke lehen begiradan koloreak, errealismoak edota teknikak arreta ematea, baina arretaz begiratuz gero, daukaten eduki indartsuaz ohartzen da ikuslea”, azaldu du Kaltzadak. Horren erakusgarri dira, besteak beste, bulimiaren inguruko Poderosa báscula eta depresioari buruzko Cara y cruz.

Izan ere, emakumeek gizartean dituzten edota inposatzen zaizkien rolak izan dira margolanen ardatza. Etxeko lanen ardura, bakardadea edo irudiarekiko menpekotasuna salatzen dituzte, esaterako, Kaltzadaren alter ego-ek. Abaliak, ostera, andre lotsagabeagoak eta probokatzaileak irudikatu ditu. Ikusleari begira ipini ditu, gainera; ikuslea, behatzaile bainoago, behatua sentitzeko. “Eszena hauek arretaz aztertzen dute begiratzearen egintza; norberaren buruari begiratzea, irudi batean islatuta ikustea edo pertsonaia baten begiradan”, esan du Julian Irujok, erakusketaren komisario eta Arte Ederretako irakasleak.

Protagonistek nortasun konplexua eta aldakorra dute. “Pertsonaiek beren nortasuna aurkitzeko erronka botatzen digute, baldintza sozialen eraginez mozorroturiko nortasunetan arakatzeko. Desirak, traumak eta labirinto emozionalak ezkutatzen direla suma daiteke”.

Erabilitako teknika

Abaliak eta Kaltzadak antzeko teknikarekin lan egiten dute. “Teknika mistoa da; argazki batetik abiatuta collage digitalaz baliaturik eginda daude”, zehaztu du Abaliak. Kaltzadak ere collagea egiten du lehendabizi, eta gero gainetik margotu. Irudi zinematografikoak dira Abaliarentzat inspirazio iturri. Kaltzada, aldiz, egunerokoan eta aldizkarietako argazkietan oinarritzen da.

ERAKUSKETA

Zer. ‘Alter Ego’ erakusketan argazki eta margolanak bildu dituzte Andrea Abaliak eta Lide Kaltzadak.

Non. Bizkaiko Batzar Nagusien erakusketa aretoan (Hurtado de Amezaga, 6).

Ordutegia. Astelehenetik barikura 09:00etatik 21:00etara, zapatuetan 09:00etatik 13:30era. Sarrera doan da.

Noiz arte. Apirilaren 5era arte.