Emakumeak nagusi

6
Liburu azoka

Bermeo

Bermeok liburu azoka antolatu du Lameran, igandera arte. Horretan, emakumeak protagonismo berezia izango du, literatura ardatz hartuta.

Azokara joaten diren pertsonek hainbat liburu eskuratzeko abagunea izango dute. Gainera, ekitaldi ugari antolatu dituzte. Adibidez, Euskal emakume idazleak izeneko erakusketa egongo da ikusgai, eta emakumeak historian literaturan zenbateko garrantzia izan duen erakutsiko du, kartel, argazki eta liburuen bidez. Horrez gain, emakume idazleen zeregina XV. mendetik gaur egunera nola aldatu den ere azaltzen du erakusketak.

Beste alde batetik, gaur, Emakumeen Nazioarteko Egunean, Erroxape Emakumeen Elkarteak antolatutako Narrazio Laburren XVIII. Lehiaketaren sari banaketa egingo da udaletxean. Ekitaldi horretan, Virginia Berasategi triatletak hitzaldi bat egingo du.

Horrez gain, Sareginek, Bermeoko Feministen Sareak, Lilijira: Emakumiok jabetzara goaz! kalejira antolatu du. 19:30ean hasiko da, Lamerako kioskoan. Ostean, portutik eta alde zaharretik zehar ibiliko dira parte hartzaileak. Era berean, hiru hilerik behin kaleratuko den aldizkari berri baten lehen zenbakiaren banaketa egingo dute.

Txikientzako lekua ere izango du azokak. Modu horretan, gaur arratsaldean, udal liburutegian, umeen ipuin kontalaria izango da 18:00etan, eta Apika taldeak emakume eta gizonen arteko berdintasuna lantzeko askotariko ipuinak kontatuko ditu. Saio hori 4 urtetik gorako umeentzat prestatuta dago, eta gehienez 50 haurrek parte hartu ahal izango dute.

Egun hauetan idazle eta musikaririk ez da faltako Bermeon. Bihar, Juan Karlos Irizar piano jotzaile eta musikariak diskoak sinatuko ditu. Irizarrek bere 34. diskoa (Oñati eta Oñatiko auzoak) bere jaioterriari berari eskaini dio, Oñatiri (Gipuzkoa).

LIBURU AZOKA

Non. Bermeon, Lameran.

Noiz. Domekara bitarte. 11:00etatik 13:30era eta 16:30etik 20:00etara.

Parte hartzaileak. Hamabost liburu denda, argitaletxe eta banatzaile izango dira.