Korrikaren aldeko ‘lipdub’-a grabatuko dute, bihar

Hilabete baino gutxiago falta da 18. Korrikak lehen pausoak emateko. Martxoaren 14an abiatuko da, Andoaindik, eta 24an bukatuko du ibilbidea, Baionan. Dagoeneko Euskal Herriko herri gehienak ordurako prestatzen ari dira, Korrika Kulturalaren egitarauari esker. Eta badira herrietan sortutako ekitaldiak ere. Bihar, Lemoan, Korrikaren aldeko lipdub-a grabatuko dute, duela bi urte egin zuten legez.

Karabie gaztetxeak antolatu du egitasmoa, eta gaztetxean bertan bilduko dira. Bi deialdi egin dituzte, badaezpada bi grabaketa egiteko. 17:00etan jarri dute elkartzeko ordua. 17:30ean egingo dute lehen saioa; bigarrena, berriz, 18:00etan. Aurtengo Korrikaren kantua Esne Beltza taldeak egin du. Abesti horrek lagunduta grabatuko dute bideoa.

Lipdub-a grabatu ostean, afaria egongo da. Eta otordua bukatutakoan, kontzertuek girotuko dute gaua. On eta Nik Khaos taldeak igoko dira agertokira. Azken horiek euren azken diskoa aurkezteko aprobetxatuko dute kontzertua.

KORRIKAREN ‘LIPDUB’-A

Non. Lemoako Karabie gaztetxean.

Noiz. Bihar, zapatua, 17:00etan.