Ahoak eztitzeko jaia

Karolina Eguna

Galdakao

Galdakaok Bizkaiko Gozogintzako Artisauen Jaia ospatuko du bihar, VI. Karolina Eguna. Aurten, udalaren lankidetzarekin eta Galdakaoko Dendari Elkartearen parte hartzearekin antolatu dute festa.

Pastelak jai honen protagonista nagusienak direnez, 12:00etan, Agirre Lehendakariaren plazan, 3.000 karolina banatuko dira bertaratzen diren pertsona guztien artean. Helburuak bi izango dira: batetik, bertaratzen diren pertsonak gozopilekin eztitzea, eta, bestetik, sektorea sustatzea produktu hau bultzatuz.

Bilboko pastel tipikoa

Gozogintzak tradizio handia du Bizkaian. Betidanik izan da gozopilekiko zaletasuna. Murtxikatze gozo eta atsegingarri horretan, Karolina izeneko pastelak toki esanguratsua izan du. Bilboko pastel tipikoa da. Bizkaiko gozogintza artisauaren lekuko izan da hamarkada askotan. Baina gozogile guztiak ez dira gai Karolina gozo-gozo bat prestatzeko. Denbora eta ardura behar dira pastel hau prestatzeko; Karolina bakoitzak zazpi manipulazioraino behar ditu prestatzeko prozesuan.

Euskal pastela da Karolina, Bilboko gozogile baten sormenari esker sortua. Gozogile horrek Karolina izeneko alaba bat zuen. Merengea asko gustatzen zitzaion neskatoari, baina, bere eskuak kremarekin zikindu ez zitzan, aitari ideia bat bururatu zitzaion: merengearen azpian ostopilezko tartaleta bat jarri zuen. Modu horretan, alabak pastela jan zezakeen batere zikindu barik. Ideiak sekulako arrakasta izan zuen, eta, gaur egun, ia Bizkaiko gozodenda guztietan aurki daiteke Karolina.

Gainera, VI. Karolinaren Egunak bat egingo du XIV. Aukeren Azokarekin. Prezio merkeagoetan dauden jantziak, objektuak edo tresnak eta dendetako stock-ak egongo dira salgai, Galdakaon, asteburu osoan.

VI. KAROLINA EGUNA

Non. Galdakaoko Agirre Lehendakariaren plazan.

Noiz. Bihar, larunbata, 12:00etatik aurrera.

Gozokiak. 3.000 pastel banatuko dira bertaratzen diren pertsonen artean.