Itxaropenaren begiradak

Ekuatore Ginea. Esperantzaren begiak izeneko erakusketa dago Portugaleteko Santa Klara kultur etxean. Herrialde horren errealitatea islatzen duten hainbat argazki daude, eta, horiekin batera, bideo bat ere ikusgai dago. Hala, erakutsi ez ezik, protagonisten ahotsetan deskribatzen zaio bisitariari hango egoera.

Osotara, 24 argazki daude, eta denetan emakumeak edota umeak ageri dira objektibopean. Emakume bat jatekoa prestatzen, plastikozko galdara eta botila hartuta putzu batetik umeak ura hartzen, neska-mutilak eskolako atarian ilaran… Eguneroko momentuak dira, eta bakoitza gai bati lotuta azaltzen da: ura, elikadura, hiesa, malaria, heziketa, elkartasuna, desoreka soziala…

Juan Bonal fundazioak urtero antolatzen du elkartasun erakusketa. Iaz, esaterako, Brasilen inguruan egin zuten, eta, aurretik, Nikaragua, Kongo, Ruanda eta Filipinei buruzkoak antolatu zituzten. Santa Anako Karitatearen Ahizpen Kongregazioaren barneko gobernuz kanpoko erakundea da fundazioa, eta hainbat herrialdetan lan egiten du. Bost kontinenteetan 200 zentro inguru dituzte. Osasun arloan, irakaskuntzan, emakumeen arretan, garapen proiektuetan eta adinekoen eremuan hainbat proiektu bideratu dituzte. Gainera, programa, beka, umeentzako diru bilketa eta proiektuez gain, enpresekin elkarlanean ere hainbat egitasmo egiten dituzte.

Fundazioak Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako duen ordezkaria da Margarita Agirre. Misiolari bokazioa betidanik izan duela dio. Alabaina, sekula ez da atzerrira joan; hemendik lan egin du beti. Hemendik ere lagundu daitekeela eta lagundu behar dela agerian utziz. “Niretzat gozamena da behartsuenei laguntzea, miserian bizi direnei laguntzea”.

Esan bezala, argazkiez gain, bideo bat ere jarri dute aretoan. Testigantzaz osaturiko grabazio batean, protagonisten berbetan entzun eta senti daiteke Ekuatore Gineako bizimodua. Esaterako, emakume batek azaltzen du zelan bere bilobak unibertsitate ikasketak izan arren, ez diotela lanik ematen. “Salatzen du Ekuatore Ginean boterean dagoen alderdiko herritarrei soilik ematen dietela lana”.

Halaber, dirua biltzeko azoka solidarioa ere prestatu dute. Poltsak, kamisetak, zapiak, belarritakoak, lepokoak, txokolatea eta beste hainbat produktu daude salgai. “Hemen dagoen materiala herrialde askotakoa da, ez bakarrik Ekuatore Gineakoa”, zehaztu du Agirrek. Bestalde, material birziklatuekin perkusiozko musika istrumentuak egiteko tailer bat ere antolatu dute, eta erakusketaren azken egunean erakustaldi bat eskainiko dute.

Kongregazioaren eskolako umeek bisitatu dute erakusketa. Horrez gain, ikastetxean unitate didaktikoa lantzen dabiltza, “adinaren arabera egokiturikoa”. Alabaina, urte osoan hainbat egitasmo lantzen dituzte. “Ikasturte honetan, hilabete bakoitzean balio bat lantzen gabiltza, besteak beste, elkartasuna, justizia eta bakea eta indarkeriarik eza”.

Agirrek azaldu du kongregaziotik 1980ko hamarkadan joan zirela Gineara lehendabiziko misiolariak. Ordutik, lan handia egin dute bertan; Maria Rafols izeneko eskola eta ospitalea zabaldu, eta ospitale publikoetan eta herriguneetatik urrun dauden auzoetan lagundu. “Emakumeen heziketan jarduten dugu batik bat. Euren garrantziaz eta balioaz jabetzen laguntzen diegu, begirunerik gabe tratatzen dituzten eremu horretan”. Era berean, eta horri lotuta, beharrezkoa den osasun heziketa ematen saiatzen dira. “Hiesaren kasuan, adibidez, emakumeei ez ezik, ama seropositibodun umeei ere jarraipena egiten diegu”. Herrialde horretan baliabideak badaudela dio, eta herritarrek gehiago izan dezaketela, baina botereak ez daukala horretarako borondaterik. “Dagoen erregimena diktadorearena da, eta aberastasun guztia harentzat eta ingurukoentzat baino ez da. Herritarrak, batez ere pobreenak, lanerako ez direla gai dio, eta ez dute lanerako sarbiderik”.

Afrikako herrialde honetan ez ezik, Juan Bonal fundazioak lan eskerga egin du makina bat lekutan. 2000. urtean sortu zuten GKEa, baina aurretik ere misio asko egin zituen kongregazioak. Agirrek gogoan du Indiaren inguruko erakusketa izan zela antolatu zuten lehenengoa. “Bertako bideoko irudiak izan dira orain arte gehien hunkitu nautenak. Miseria eta bertan dagoen guztia ikaragarria da”. Era berean, Filipinetako grabazioa ere oso gogorra zela oroitzen du. “Gizon europar bat ume bat prostituzio etxe batean sartzen ikustea latza da”.

ERAKUSKETA

Zer. Ekuatore Ginea. Esperantzaren begiak erakusketa.

Non. Portugaleteko Santa Klara kulturgunean.

Ordutegia. Astelehenetik barikura, 09:30etik 13:00etara eta 16:00etatik 19:30era.

Noiz arte. Otsailaren 27a arte.