Mozorroentzako bigarren aukera

Herri gehienetan, joan den martitzenean bukatu ziren aratusteak. Hala ere, Bizkaian badira inauteriak geroago ospatzen dituzten herri eta auzoak. Hartara, festa gosea ase gabe geratu direnek bigarren aukera izango dute gaur hasi eta domekara bitartean. Besteak beste, Sondikan, Algortan, Santurtzin, Sestaon eta Bilboko Santutxu eta Bilbo Zaharra auzoetan izango dira mozorro jaiak asteburu honetan. Hona hemen zer prestatu duten.

Sondika

Gaur arratsaldean hasiko dira Sondikako aratusteak. 16:00etan botako dute txupinazoa. Horren ostean, umeentzako jolasak egongo dira. 18:00etan, kalejira hasiko dute, sardinarekin. 20:30erako, pintxo dastatzea prestatu dute. Gauean, berriz, kontzertuak izango dira: 23:00etan, Gansos Rosas taldearena, eta 01:30ean, La Fugarena. Goizaldean, berriz, Oihan Vegaren diskofestarekin dantzatuko dira mozorroa jantzita Sondikara joango diren guztiak.

Bihar, goizez eta arratsaldez, hainbat ekintza izango dira umeentzat. 12:00etan, txigorki lehiaketa egingo da. 18:30ean, umeen mozorro desfilea hasiko da. Sariak bukaeran banatuko dira. Gainera, hotzari aurre egiteko, txokolate beroa banatuko dute.

Zo-zongo perkusio taldea kalejiran abiatuko da 20:30ean. Ordubeteren buruan, sardinaren hilketa antzeztuko dute sondikarrek, inauteriak agurtzeko. Hala ere, gaur bezala, bihar ere musikak jarriko dio bukaera egunari. 23:00etan, Enkore taldearen kontzertuaz gozatzeko aukera egongo da, eta, gero, Oxabi taldearen erromeria doinuak dantzatzekoa.

Algorta

Biharkoa izango da aratuste eguna Getxoko Algorta auzoan. 13:00etan hasiko da mozorro jaitsiera Telletxen. Handik abiatuta, Algorta osoa zeharkatuko dute. 15:00etan, desfilean parte hartu dutenek herri bazkarian elkartzeko aukera izango dute. Telletxen egongo dira mahaiak zain. Bazkalostean, gainera, erromeria izango dute.

Arratsaldean, poteoa egingo dute Algortako kaleetan barrena. Parte hartzeko, ezinbestekoa izango da mozorrotuta joatea. Eguna erromeriarekin bukatuko dute, 22:00etan. Atsedenaldian, mozorro txapelketako sariak banatuko dituzte.

Santutxu

Domekan izango dute aratusteetako egun handia Bilboko Santutxu auzoan. Hala ere, gaur arratsaldean, umeentzako pailazo ikuskizuna egongo da Karmelo plazan, eta, iluntzean, albokariak ibiliko dira auzoko kaleetan. Bihar, 19:30ean, Gaztedi dantza taldeak egingo du kalejira.

Domekan, 12:00etan hasiko da mozorro desfilea. Santutxu kalea izango du abiapuntua. Arratsaldean, berriz, Arsuagan, DJ batek jarriko du musika, dantzatzeko.

Bilbo Zaharra

Bihar ospatuko dute inauteria Bilbo Zaharra auzoan. Goizean egingo dute mozorro desfilea. Urtero bezala, gai bat proposatu dute aurten ere: euskal mitologia. Eguerdian, auzo bazkaria egingo dute kultur etxean.

Santurtzi

Gaur arratsaldean egingo dute Santurtziko Kabiezes auzoan inauterietako desfilea. 18:30ean abiatuko dira kiroldegitik, eta, hainbat kaletatik igaro ostean, plazan bukatuko da. Iritsitakoan, sari banaketa egingo dute.

Bihar, berriz, Santurtziko erdigunean egingo da desfile nagusia. Ordu berean hasiko da, Sardinera parketik. Gernika parkean bukatuko da, 21:00etan, sari banaketarekin. Hala ere, 23:00ak arte diskoteka izango dute dantzatzeko.

Sestao

Bihar izango da Sestaoko aratusteetako egun handia. Goizean, animalien lehen inauteria egingo dute. 13:15ean ikusi ahal izango da txakurren mozorro desfilea, Kasko plazan. Leku horretan bertan, diskoteka doinuekin dantzatzeko aukera egongo da arratsaldez. Eta bertatik abiatuko da mozorro desfilea, 18:30ean. Herriko kaleak igaro ostean, 21:00etan banatuko dituzte sariak. Domeka arratsaldean bukatu dira Sestaoko aratusteak Piñata jaiarekin eta sardinaren hiletarekin.