Hiru zapata denda ditu Jose Cebrecosek, Bizkaidendak Bizkaiko dendarien federazioko presidenteak: bata Arrigorriagan, bestea Basaurin, eta hirugarrena Bilbon. “Zuzen-zuzenean dakit zein den merkataritzak Bizkaian duen egoera, eta argi daukat zer ez dugun behar”, dio, serio.
Gogor salatu duzue Bilboko Udalaren proposamena. Zergatik ez duzue begi onez ikusten jaiegunetan irekitzeko aukera ematea?
Duela hamar urte onartu zen 150 metro koadro baino gutxiagoko saltoki eta dendei urteko egun guztietan eta edozein urtetan irekitzeko baimena ematen zien dekretua. Hortaz, orain ikusten dugu 150 metro koadro baino gehiagoko salmenta eremua dutenen aldetik presio egiten ari direla urtean zazpi jaiegunetan irekitzeko, Madrilen eta Espainiako beste hainbat hiritan egiten duten bezala. Dekretuak aukera hori jasotzen du.
Merkatari txikiek ez dute ireki nahi. Hamar urtean izan dugu irekitzeko aukera aske hori, eta inork ez du inoiz ireki. Orain hasi dira lau denda irekitzen, jaiegun batzuetan. Kasualitatea: denda horiek saltokiak dituzte merkataritza gune handietan ere. Merkataritza gune handien elkartea presio egiten ari da zazpi egun horiek ezartzeko. Behin hori lortuta, beste 22 eskatuko dituzte, hala egitea merkataritzarentzat onuragarri dela dioten ikerketa okerrak argitara emanda.
Udalak dio badirela ireki nahi duten dendak, zuk aipatu dituzun horiek, eta administrazio modura bermatu egin behar diela legeak aitortzen dien eskubide hori. Andoni Aldekoa Bilboko Udaleko kontseilari ordezkariak horrela justifikatu du proposamena.
Bermatuta daukate. Orain arte ireki dutenak merkatari txikiak izan dira, eta horiek nahi dutenean ireki dezakete. Kontua da merkataritza gune handiak ari direla presio egiten, domeketan ireki gura dutelako. Nahi dute jendeak merkataritza guneetan pasatzea domekak, Madrilen eta antzeko hirietan gertatzen den bezala. Baina leku horiek hau baino askoz turistikoagoak dira. Eta zer gertatuko da? Herriak eta hiriguneak hutsik geratuko dira. Udalari gezurra esan diote, iruzur egiten saiatu dira, turismoa erakarriko dela sinetsarazi diotelako.
Udalak esan du merkatarien elkarteekin adostu duela egutegia.
Ni galdezka ibili naiz, eta, jakin dudanez, ez dute inorekin negoziatu. Bestela, ikusi besterik ez dago zelango zalaparta sortu den. BilbaoDendakeko dimisioa, Zazpikaleetako merkatarien elkartekoak haserre… Interesa duten lau lagunekin negoziatu dute, beste inorekin ez. Merkatarien elkarteak ez daude ados neurri honekin.
Denda batzuk irekita egoteak irekitzera behartuta sentiarazten ditu gainontzekoak?
Pastela dena da. Beraz, gehiago zabaltzen duenak gehiago salduko du. Oso ondo frogatuta dago, merkataritza gune handiek irekitzen dutenean herrietako eta hirietako merkataritza bizitza desagertu egiten dela. Eta bizitza, oro har. Hori ikusi dugu Espainian, baita Frantzian ere, non hemen baino merkataritza gune gehiago dituzten. Euskal Herrian bertan, Baionan gertatu zen hori. Gero dirutza xahutu behar izan dute, merkataritza gune handien alde egindako apustuak hildako merkataritza bizitza berreskuratzen.
Beraz, merkataritza txikiari kalte egingo zaiola diozue, eta herriak hustu egingo direla.
Noski, merkataritza gune handiek astialdia ere eskaintzen dute. Hala, merkataritza astialdiaren parte bihurtuko litzateke, eta jendeak herrietan erosi ordez merkataritza guneetan ihes egingo luke, egun-pasa. Egin kontu Madrilen igandeetako salmentaren %30 Ikean egiten dela. Hori nahi dugu hemen ere? Zinema aretoekin ere antzeko zerbait gertatu da: herrietakoak itxi egin dira, eta merkataritza guneetan ikusten ditugu filmak.
Kontsumitzaile elkarteak eta Bilboko auzo elkarteak jaiegunetan zabaltzearen aurka agertu dira. Zuek, merkatariok, bezeroen aldetik irekitzeko eskaerarik jaso duzue?
Nik neuk ez, eta inor ez zait etorri eskatu diotenik kontatzera. 2010eko inkesta baten arabera, kontsumitzaileen %94k zioten nahikoa zela gaur egun dendek zuten ordutegia. Egia da kontsumitzaileari erosteko aukera gehiago ematen badizkiozu aprobetxatu egingo dituela. Baina ez bakarrik denden kasuan. Udaletxea domeketan zabalduz gero, askori mesede egingo diogu, astegunetan ezin delako joan paper kontuak egitera. Beste horrenbeste banketxeekin. Baina, berez, jendeak ez du horren beharrik sentitzen.
Beharginei zer kalte ekarriko die?
Denda handiak irekitzen hasten badira, denda txikiak ere behartuta sentituko dira. Baina horietan sarri ez dago beharginik, eta jabeak berak lan egin beharko du astean zazpi egunez. Beharginak dituzten dendetan, ez dut uste jabea geratuko denik jaiegunik gabe. Bestalde, diote beharginak prest agertzen direla. Noski, merkataritza guneetako dendetan soldata eskasagoak dituzte herri eta hirietakoetan baino. Soldata duintzeko ordu gehiago egitea beste erremediorik ez dute! Gainera, horrek aldatu egingo luke behargin askoren bizimodua. Asteburuetan lanean hasiko lirateke, eta astelehenetan jai. Kontua da astelehenetan gainontzeko guztiak beharrean ibiliko direla. Dendetako beharginek ere familiarekin atseden hartu eta astialdiaz gozatzeko eskubidea dute.
Martxoaren 11rako elkarretaratzera deitu duzue, Bilboko Moyua plazan, sindikatu eta kontsumitzaile elkarteekin batera.
Batera, baina nahastu gabe. Bakoitzak bere aldarrikapenak ditu, edo horren aurka agertzeko bere arrazoiak. Hala ere, denok elkarrekin borrokatuko gara domeketan ez irekitzeko.
Merkataritzaren egoera, oro har, ez da samurra.
Krisiak asko eragin digu. Jendea kontsumitzeko beldur da. Langabezia handia dago, eta lana dutenak galtzeko beldur dira. Nolabait kontsumoa berotu behar dugu, baina nola? Hor dago koska.