Martxoaren 8an, datorren eguenean, 90 urte beteko dira BOS Bilboko Orkestra Sinfonikoak lehen kontzertua eman zuenetik. Arriaga antzokian izan zen, Armand Marsicken zuzendariaren gidaritzapean. Ordutik behin baino ez du eten bere jarduna: 1937ko apirilaren 4tik 1938 abuztuaren 10era bitartean, 1936ko gerra zela eta. 90 urteak beteko dituen egunean bertan, beste kontzertu gogoangarri bat emango du BOSek. Datorren eguenean izango da, Euskalduna jauregian. Arnold Schoenbergen Gurre-Lieder lana taularatuko dute. “Bikaina da eta ezohiko ahalegina eskatzen du, bai musikari, bai antolakuntzari eta bai ekonomiari dagokienez”, azaldu du Josune Ariztondok, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatu eta BOSeko presidenteak. BOSek Euskaldunan ematen dituen kontzertuak, eguen eta barikuetan izaten direnez, barikuan ere beste emanaldi bat izango da.
“Lan paregabea da, eta bere konplexutasunagatik modu berezian programatu behar da. Hori kontuan hartuta uler daiteke zer dela-eta den BOSek interpretatuko duen lehen aldia. Izan ere, gure orkestra obra handiak ematera ohituta egon badago”, hala azaldu Guenter Neuhold BOSeko zuzendari artistikoak lan honen berezitasuna. Haren esanetan, Gurre-Lieder interpretatzea “sekulako oparia” da publikoarentzat. “Urte askoan ez baitu izango aukerarik berriz entzuteko, eta bizitza profesionalean lan hau jotzeko aukera bakarra izango duten musikarientzat ere oparia da”.
Orotara, 270 lagun baino gehiago ibiliko dira lanean, Josune Ariztondo diputatuak iragarri duenez. 99 musikari, abesbatzako 165 kide, 6 bakarlari eta zuzendaria bera. Hala, azken asteetan gogor entseatu behar izan dute, neurri horretako eszenaratze batek eskatzen duen gisara. Neuholdek ohartarazi du entsegu normalak bikoiztu baino gehiago egin dituztela, datorren eguenean dena ondo baino hobeto ateratzeko.
Gurre-Lieder 1913ko otsailaren 23an estreinatu zuten, Vienan, baina Euskal Herrian ez da behin ere entzuteko aukerarik egon gaurdaino. Erwin Steinek bakarlari, orkestra eta abesbatzetarako egindako bertsioa interpretatuko du BOSek. Izan ere, jatorrizkoak 145 musikari eskatzen zituen oholtza gainean, eta Steinenak 99 eskatzen ditu. Moldaketa hori bi aldiz baino ez da interpretatu mundu osoan. Testua Jens Peter Jacobsena da. Bakarlariak hauek izango dira: Torsten Kerl tenorra, Anne Schwanewilms sopranoa, Lilli Paasikivi mezzosopranoa, Fernando Latorre baritonoa, Arnold Bezuyen tenorra eta Jon Fredric West tenorra. Easo abesbatzak, Andra Mari abesbatzak eta Araba abesbatzak ere parte hartuko dute.
Ibon Aranbarri zuzendari orokorrak azaldu duenez, gaur egun ez dago bertsio horren grabaketarik. Horregatik, martxoaren 8 eta 9ko emanaldiak disko batean biltzea erabaki dute. “Schoenbergen lan ikaragarri honen lehen erregistroa izango da, Steinen bertsio ederrean”.
Urte osoko ekitaldiak
Josune Ariztondok iragarri duenez, kontzertu hau ez da izango ekitaldi bakarra. “Hitzaldiak, beste emanaldi txikiago batzuk eta erakusketa bat ere izango ditugu aurten”, iragarri du. Duela 90 urte “orkestra martxan jartzeko ausardia izan zuten musikari, zuzendari eta kulturazaleei” eskerrak eman nahi dizkie BOSek, eta gaur eguneko ehun eta gehiago musikariei eta abonatuei ere bai. Urte hauetan guztietan orkestrarekin lotura izan duten guztiak izango dituzte gogoan erakusketan. Foru Agiritegi Historikoko Ondarea aretoan egongo da ikusgai, eta ikus-entzunezkoak eta dokumentuak izango ditu, batez ere. Ariztondok aurreratu duenez, Bilbon egon ostean, Bizkai osoan ibiliko da, herriz herri.