Artzentalesko herritarrek dagoeneko ez dute Zallako gune zurira joan behar aparatu elektriko eta elektroniko txikiak birziklatzera eramateko. Izan ere, Enkarterrialde Landa Garapenerako elkarteak herrian bertan jarri du gune zuri bat. Hil guztietako azken astelehenetan zabalduko dute, 10:00etatik 14:00etara. San Miguel auzoan egongo da, udaletxean bertan.
Duela urtebete inguru zabaldu zuten Zallako gune zuria, Enkarterrialdek gogora ekarri duenez, “eskualde guztiko bizilagunei zerbitzu emateko xedez”. Halaber, Enkarterrialdek jakinarazi du 2012. urtean eskualdeko herrietan era horretako beste gune batzuk jartzeko asmoa duela. Zallako gune zuria egunero dago zabalik, 10:00etatik 14:00etara. Artzentalesen egingo duten bezala, eskualdeko beste herri batzuetan ere zerbitzu hori osatzeko gune zuri gehiago jarriko dituzte. Sopuertan, esaterako, hil guztietako azkenengo zapatuan jasoko dituzte herritarrek eramaten dituzten aparatuak turismo bulegoan. 10:00etatik 14:00etara egongo da zabalik zerbitzua. Edukiontzi horietara era guztietako etxetresna elektrikoak eraman daitezkeela esan dute; plantxak, telefonoak, bideokamerak, ordenagailuak eta abar.