Manuel Hidalgo Salas Capitán Hidalgo ezizenez ezagun egin zen Guardia Zibilaren ikasketaburuaren heriotzaren berria iritsi da Ondarroara. Joan den urtarrilaren 13an hil zen. Haren agindupean zeudenak bortizki erabiltzen zituela salatu izan da askotan. Hori dela eta, joan den asteburuan Capitan Hidalgoren eskutik ondarroarrek jasandako tratu txarrak biltzeko ahalegina egin du Ondarroako Historiazaleen Elkarteak.
Garraxika Errepresioaren Ondarroako Biktimen Ahotsa elkarteak jakinarazi duenaren arabera, 1968tik 1978ra bitartean Gernika-Lumoko koartelean izan zen Capitan Hidalgo, komandante lanetan. Bitarte horretan egindako “merituengatik”, teniente koronel izendatu zuen Espainiako Gobernuak.
Bere karguan egon zen urteetan, Ondarroan eta baita Bizkaiko beste herrietan ere, ezagun egin zen hark zuzenean edo haren ardurapean zeuden guardia zibilek egindako tortura eta tratu txarrak direla-eta.
Herriko artxiboa osatuz
Ondarroako Historiazaleen Elkartea duela 11 urte sortu zen, herriko ondarea babestu eta herriko eta herritarren historia jasotzeko asmoarekin. Bitarte horretan, urtekaria eta hainbat dibulgazio lan argitaratu ditu, eta herriko historian oinarritutako jardunaldiak ere antolatzen ditu.
Horrekin batera, 11 urte hauetan egindako lanarekin herriko artxiboa osatzen ari da elkartea. Artxibo horretan herritarrek sortutako material guztia biltzen dute. Capitan Hidalgoren heriotzak lan horretan jarraitzera animatu ditu elkartekoak. Jaso nahi dituzten testigantza horiekin Historiazaleen Elkarteak argitaratua duen Euskal Historiaren bildumako Gernikako seme-alabak liburuan jasotakoa osatu nahi dute.
Jasotako informazioa Ondarroako errepresioaren mapa osatzeko erabili gura dute. Mapa horren lehenengo atala argitaratutako liburuan atxilotu eta torturatutako ondarroarren zerrendarekin kaleratu dute. “Hasitako lan hori osatu nahi dugu; atxilotu bakoitzak sufritu zituen tortura eta tratu txarrak gehituz. Horrela, Euskal Herriaren memoria osatzen joango gara”, diote elkarteko arduradunek.
Esperientziak biltzeko, zuzenean elkarteak Ondarroako ikastola kalean duen lokalera joateko deia egin dute, eta bertara joan ezin duenarentzat kontaktuan jartzeko telefonoa (685-75 73 84) eta helbide elektronikoa (ohzaleak@hotmail.com) jarri dituzte eskuragarri. Ondarroatik kanpoko jendeak ere gai honekin lotura duen zerbait gehitzeko izanez gero, aurretik aipatutako bide berak erabiltzeko deia egin dute, eta beldur barik kontaktuan jartzera animatu.
Izen-abizenen bila
Gernika-Lumoko Udala, bere aldetik, 1937ko apirilaren 27ko bonbardaketaren biktimen zerrenda osatu guran dabil. Gertatutakoa ez ezik, nortzuek sufritu zuten ezagutzeko asmoz, biktimen izen-abizenak bildu nahi dituzte 75. urteurrena betetzen denean. Gernika Gogoratuz eta Gernikazarra elkarteak ibiliko dira zeregin horretan. Gaur egun, ez dago zehaztasunik bonbardaketa hark eragindako biktima kopuruaren inguruan. Zerrenda osatu ahal izateko, hildakoen eta zaurituta suertatu zirenen etxekoen, ezagunen eta lagunen laguntza eskatu dute.