Ezkerraldeko eragile sozial eta sindikalek deituta, milaka lagunek parte hartu zuten joan den ostiralean Barakaldon langabeziaren eta murrizketen kontra eginiko manifestazioan.
Ezkerraldea defenda dezagun lelodun pankartaren atzetik, manifestariek hiriko erdigunea zeharkatu zuten lan erreformaren, patronalaren, banketxeen eta PPren kontra oihu eginez. Antolatzaileek gogorarazi zutenez, Ezkerraldeak “pairatzen du euskal eskualde guztien arteko langabezia tasarik altuenetarikoa”. Horrez gain, gizarte babesari eginiko “etengabeko erasoen” eragina nabarmendu zuten. “Erakundeek gastu publikoa murriztea erabaki dute, neurri antisozialak hartuz”.
“Lotsagabekeriaren” isla
Manifestazioarekin batera, Ezkerraldeko egoera sozial eta ekonomikoaren inguruko analisia plazaratu du eskualdeko ezker abertzaleak. Murrizketak zein kaleratzeak “eraso larritzat” jo eta horien aurka “erantzun sozial” bat antolatzeko “beharra” nabarmendu dute.
Ezkerraldean “industria eta produkzio ekonomiaren desagerpena” eragitea egotzi diete azken 35 urteetan Madrilen zein Gasteizen izan diren gobernuei. Hala, sistema ekonomikoaren krisia konpontzeko, eskubide sozialak “murriztea” leporatu diete gobernuei, “terrorismo soziala zabalduz”.
Eskualdeko enpresa askoren egoera gaitza gogora ekarri dute ezker abertzaleko eledunek. Izan ere, azken hilabeteetan ACB, La Naval, GAM Aldaiturriaga, Nervacero eta Mebunik enpresek era nabarmenean murriztu dute euren langileen zerrenda. Horrez gain, Ezkerraldeko egoera larria islatzeko, datu batzuk eman dituzte: eskualdean ia 20.000 langabe daude, 40.000 pertsonak baino gehiagok 900 euro baino gutxiagoko soldata jasotzen dute, kontratu ezegonkorren %60 emakumeei dagozkie, eta 50.000 etxetan pobrezia egoeran daude edo hilaren bukaerara heltzeko zailtasunak dituzte. Ezkerraldeko auzo elkarte, sindikatu eta eragile ugarik erabili dituzten datu berberak dira.
Ezker abertzaleko kideek adierazi dutenez, “datu horiek lotsagabekeria sozial eta politikoaren muturra besterik ez dute osatzen, urrutitik datorren lotsagabekeria”. Hala ere, “egoera gaindi daitekeela” sinetsita dago ezker abertzalea. Horretarako, beharrezkotzat jo dute akordio politiko, sindikal eta sozialak lortzea. Botere politikoa lortzeko premia ere nabarmendu dute, bidenabar, “justizia sozialean oinarrituko den eredu alternatibo baterantz jotzeko”.