GUFE Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen murrizketak salatu dituzte sindikatuek. GUFEk, hain zuzen, babesa eta zerbitzua ematen die Bizkaian beharrizan gehien dutenei, eta, besteak beste, hirugarren adinekoen egoitzetan, tutoretza duten umeen etxebizitzetan eta minusbaliotasuna duten pertsonen egoitzetan lan egiten du. ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuen arabera, GUFEk nabarmen murriztu ditu alor horietan langileen ordezkapenak. Hain zuzen, gogora ekarri dute egindako lehenengo murrizketa %25ekoa izan zela. 2012rako Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrekontua aintzat hartuz gero, kopuru hori %34ra arte areagotuko dela salatu dute.
Hori dela eta, langile bat gaixotuz gero edo oporrak hartuz gero sortzen diren gabeziak neurri handi batean ez direla betetzen salatu dute sindikatuek. “Horren ondorioz, behargin faltagatik, zerbitzu publikoa bete gabe geratzen da”, esan dute.
“Oso deigarria da”, salaketa egin duten lau sindikatuen arabera, “eguneroko langile kopurua GUFEk berak gutxiengoak ezarri behar dituenean —grebetan, esaterako— jartzen dituenak baino txikiagoa dela”. Horren aurrean, falta diren beharginak ordezkatzeko langilerik ez dutela kontratatzen adierazi dute.
Kaltetua, erabiltzailea
Langile falta horren ondorio nagusiak erabiltzaileek eurek pairatzen dituztela ekarri dute gogora. Hain zuzen, murrizketa horiek sortzen dituzten egoera batzuk plazaratu dituzte, besteak beste, adineko pertsonak ezin dutxatu izatea, umeei eskola orduetatik kanpoko jarduerarik bermatu ezin izatea, urritasunen bat duten umeei irteerak eta txangoak egiteko aukerarik eman ezin izatea eta instalazioak behar bezala garbitu ezin izatea.
Gogora ekarri dute ordezkapenak behar bezala ez egiteak “lan karga” dakarkiela lankideei. Horrez gain, salatu dute aldundiko agintariek euren pribilegioak ez dituztela kentzen eta murrizketek, gainera, enplegua galarazten dutela.