Unibertsoaren misterioek gero eta jakin-min handiagoa sortzen dute astronomia gustuko duten herritarrengan. Bizkaian bertan lau astronomia elkarte daude. Azkena, oraintsu sortu berria, Betelgeuse da, eta Enkarterrin jaio da. Zallan 2009an antolaturiko Astronomiaren Nazioarteko Egunean eman zituzten elkartea sortzeko lehenengo pausoak, Aitor Acasuso elkarte horretako kideak gogora ekarri duenez. Bertan antolatu zituen jardueretan, topo egin zuen gai hori interesatzen zitzaien lagun gehiagorekin. 2010ean eurekin harremanetan jarri, eta elkartea osatzea adostu zuten. Beraz, Sopuertako Eduardo Andresek, Zallako Miguel Regollosek, Sodupeko Lidia Abalok eta Alonsotegiko Jabi Etxebarriak osatzen dute Betelgeuse —Orion konstelazioko izar baten izena da—, Acasusorekin batera.
Supernoba bat —lehertu den izar bat beste galaxia batean ikusgai bihurtzen denean— aurkitzea izango litzateke elkarteko kideek gehien desiratzen dutena, Acasusek azaldu duenez. “Adrenalina gorakada handia eragingo liguke horrek”, adierazi du. “Horretarako, baina, zorte handia behar duzu, eta denbora asko eman behar duzu gauero galaxiei begira egoteko. Gure inguruan, gainera, eguraldia ez dugu izaten lagun”.
Argi daukate: “Zaila da gertakizun astronomiko berrien bila gauero zerua aztertzen duten teleskopio profesionalen aurka borrokatzea”. Acasusoren ustez, hala ere, bada zereginik: “Profesionalak ez garen astronomook ikerketarako material asko eman dezakegu; betiere, ikerketak zorroztasunez eta denbora asko hartuta egiten baditugu”.
Argi poluzioa oztopo
Eta hori falta dute eurek: denbora. Izan ere, ez dira astronomo profesionalak. Elkartean kide gutxi izanik, gainera, helburuak mugatuak direla azaldu du Betelgeuseko kideak. Eguraldia lagun denean elkartzen dira bost lagunak Eguzkia, Ilargia, Saturno eta Jupiter planetak eta zeru sakoneko elementuak ikusteko; besteak beste, galaxiak, nebulosak eta izar kumuluak. Horretarako, baina, ordubeteko bidaia egin behar izaten dute. “Herri eta hirietako argien poluzioak saihesteko; izan ere, izarrez betetako zeru ikusgarriaz gozatzeko eskubidea kentzen ari zaizkigu”.
Gainera, iragarri dute aurrerago jendeari behaketak egiteko aukera zabaltzeko asmoa dutela, “aukera izan dezaten Ilargiaren kraterrak eta mendiak, Jupiterren satelite nagusiak planetaren inguruan dantzan eta Saturnoren eraztun ikusgarriak ikusteko”. Unibertso osoa “ikusgarria” dela deritzo Acasusok, eta, orain arte behatu duten gauzarik ikusgarrienari buruz galdetuta, Teilhard de Chardin Frantziako erlijioso, paleontologo eta filosofoaren berbak bere eginda, esaldi batean bildu du zer sentitzen duen: “Kosmikoaren eskalan fantastikoak soilik dauka benetakoa izateko aukera”.
Gogora ekarri du harrigarria izan daitekeela edozein zalek izan dezakeen teleskopioaren bitartez Ilargiari berari behatzea ere. Hala ere, badu bere hautua: “Agian Saturnoren eraztunak aukeratuko nituzke irudi ikusgarrienen artean”, azaldu du. “Hala ere, kolore desberdinetako izar bikoitzei behatzea ere izugarri polita da. Esaterako, Albireo izarrari edo Orionen nebulosari. Azken horretan izar berriak jaiotzen ari dira”.
2026ko eklipsea, egutegian
2026rako espero den eguzki eklipse osoa izango da, hala ere, Acasusoren ustez, gertaera astronomikorik ikusgarriena. Unibertsoaren misterioei dagokienez, harrigarriena da pentsatzea unibertsoan gizakiak ikus dezakeen materia osotasunaren %5 baino ez dela, gainerakoa materia iluna dela. Betelgeuseko kideek elkartea handitu nahiko lukete, bertako zein inguruetako zaleekin. Elkartean sartu edo informazioa nahi duenak, www.aaebetelgeuse.es.tl helbidea kontsulta dezake, edo Facebookeko eremua.