Garai oparoa eta arrakastatsua dute batzuek gogoan. Besteek orain dituzten komeriak ondo baino hobeto ezagutzen dituzte. Aspaldiko eta gaur egungo pala jokalari garrantzitsuenetako batzuk Mungian elkartu ziren iragan ostiralean, mahai baten bueltan, herrian jokatutako Munduko Binakako Pala Txapelketaren itzalpean. Ez alferrik, herriak goi mailako 39 pala jokalari eman ditu, eta zaleak, aldraka. Torrontegi, Goitia I.a eta Ipiña mungiarrak beteranoen aldean; Esteban Gaubeka lemoiztarra, Ziskar II.a mungiarra eta Pablo Fusto argentinarra egungo jokalarien ordezkari; tartean Ziskar I.a, erretiratu berria. Palaren egoera zaila dela diote zazpiek.
Beteranoek ezagutu ez dituzten aldaketa batzuk egin dizkiote palari azkenaldian. Ikusgarrienak bi dira: Deportivotik Miribillara eraman dituzte partidak, pilotaleku luzetik laburrera; bestetik, apustuak kendu dituzte. Horretaz gain, joko arauetako batzuk ere aldatu dira. Denak bat datoz apustuak kendu izanak zale asko etxean geratzea ekarri duela. Pilotalekuz aldatzeari ere batzuek erreparoak jartzen dizkiote, baina pilotaleku laburrak ikusgarritasuna gehi diezaiokeela uste du, adibidez, Ziskar I.ak: “Telebistarako ere egokiagoa da”.
Hain zuzen ere, esku pilota telebistaz ematen hasi zirenean etorri zen palaren gainbehera, denen iritziz. “Asegarcek 1992an palaren alde egin izan balu, zein izango zatekeen gaur egungo egoera?”, galdetu du Ziskar I.ak. Torrontegik dio esku pilota egunero emateak ikuskizun bihurtu duela, eta asko oso zale izan gabe ere pilotalekura joaten direla, “harmailetan sortzen den giroagatik”. Ipiñak iradoki du telebista agertu aurretik palak hein batean eskuzko moldeak baino arrakasta handiagoa izan zuela: “1980an, Gasteizen, gau berean: 150 lagun zeuden Retegi jokatzen ikusteko, eta gu ikusteko, birsalmenta”. Gaur egun Miribillan 50 ikusle baino gehiago nekez izaten dituzte. Eta Mungian egin duten txapelketan sarrera kobratu izana sekulakoa iruditzen zaie: “Inoiz pentsatu izan da bi edo hiru euro kobratzea, baina azkenean bertan behera utzi izan da asmoa, jenderik ez zelako etorriko. Egunotan 5 euro ordainduta Mungiako frontoian ia 200 lagun elkartu izana sekulako berri pozgarria da guretzat”.
ETBk baztertu egiten dituela eta, Pablo Fustok bere adibidea jarri du: “Banakako finalean, partida bukatzeko bost tanto falta genituela, emanaldia moztu ziguten, 2. Mailako Realaren partidaren aurretiko saioa eman behar zutelako. Bide batez esanda, neuk irabazi nuen”. Ziskar I.ak kritika hau egiten du: “Errespetu osoz, ez baitut ezer haren aurka, Titinek atzamarra apurtuz gero, egunkarietan orri osoa emango litzaioke, eta telebistan kirol informazioa zabalduko lukete horrekin. Mungiako Munduko Txapelketa, ordea, ez da inon agertu; Munduko Txapelketa!”.
Futboleko maila apalek edo esku pilotako partida eskasenek ere palako saio onek baino ikusle gehiago dituztela gogorarazi du, eta gogoeta egin du ikusteko gogo hori telebistak sortu duen edo ikusleek hala eskatzen duten. Iruditzen zaio, gainera, ETBk Asegarce eta Asperekin dituen kontratuak hautsiezinak diren bitartean palak ez duela lekurik izango telebista publikoan. “Agian, tokiko telebistetara jo beharko genuke, baina hala edo hola geure burua ezagutzera eman behar dugu”. Arraunari eman dion babes berbera eskatu dio Ziskar II.ak ETBri palarentzat.
Ipiñaren ustez, pala partidak beti pilotaleku berberean jokatzea ere kaltegarria zaie. “Pilotariak autonomoak izan behar dira, tenislariak bezala edo padel jokalariak bezala. Eta eurek eman behar dute izena torneoetan. Ezin gara enpresa bakarraren menpe eta frontoi bakarrean egon. Mungiak egin duen bezala, jaialdiak eta txapelketak antolatuko dituzten herri asko behar ditugu”. Gainontzekoek ere bat egiten dute gabezia horretan. “Egunero frontoi berberean, joko berbera eta pilotari berberak: azkenean, zaleak jokaldi posible guztiak ezagutzen ditu, aspertu egiten da eta ez da frontoira itzuliko”.
Aste Nagusiko torneoan, Miribillan, jaialdi mistoak egin zituzten: aurretik pala partida eta gero esku pilotakoa. Batzuek halakoen alde daude, esku pilota zaleek pala ere ezagut dezaten. Besteek ez dute oso argi ikusten. Eta Zearrak esandakoa gogoratu zuen Ziskar II.ak: “Miribillan jokatuko genuela jakin zuenean, frontoia puskatuko genuela bota zuen”. Ipiñak dio pala jokalariak eta eskuzko pilotariak ez direla inoiz ondo moldatu.
Euskal Herrian palaren herrialdea Bizkaia da, eta gure lurralde historikoan Mungiak da zale gehien duten herrietako bat. Beste herri palazaleak Armintza (Lemoiz), Sopela eta Sestao dira. “Klubei erreparatzea besterik ez dago: Arratian, Durangaldean eta Enkarterrin ez dago bat bera ere. Txapelketetan jokatzen dugun pilotariok Uribekoak edo Sestaokoak gara”: egoeraren argazkia atera du Ziskar I.ak.
Hori horrela, orain erronka umeen artean zaletasuna piztea dela iruditzen zaie. Gaubekak dio Armintzan bere auzokideen artean ezaguna dela. “Estalpeko gune bakarra frontoia dugunez, umeek hara jo behar dute jolastera. Ez dugu futbol zelairik”. Dena den, gaztetxoen artean gehien-gehienek “Messi izatearekin egiten dute amets, eta ez Gaubeka izatearekin”. Gaur egun, Armintzakoa da pala eskola indartsuena. Gaur egungo gazteek pilotalekura joateko astirik ez dutela iruditzen zaio Torrontegiri: “Ni eskolatik atera eta frontoira joaten nintzen, jolastera. Oraingoek, ordea, nahikoa dute eskolaz kanpoko ekintzekin. Eskolan baino lan gehiago egiten dute etxean!”.
Gaubeka bat dator. Umeak pilotalekura erakarri behar direla dio. “Eta eskuz jokatzeko balio ez dutenei, frontoietatik aldentzen utzi beharrean, esan behar zaie palan ere joka dezaketela. Hor dugu etorkizuna, izatekotan”.