Sexu eta ugalketa eskubideak, eskubiderik gizatiarrenak erakusketa jarri du Medicus Mundi Gipuzkoa elkarteak Peruko Manuela Ramos mugimenduaren laguntzarekin Portugaleteko Gazte Gelan. Martitzenera arte egongo da zabalik. Monica Miguez (Donostia, 1970) Medicus Mundi Gipuzkoako komunikazio arduradunaren esanetan, munduan sexu eta ugalketa eskubideen egoera zein den ezagutaraztea dute helburu.
Zergatik erabaki zenuten sexu eta ugalketa eskubidea erakusketa bidez lantzea?
Hainbat herrialdetan ditugun proiektuen ardatza da hori. Sarri, gainera, giza eskubideei buruz aritzean sexu eta ugalketa eskubideak ahaztu egiten ditugu.
Erakusketaren izenburuaren arabera, sexu eta ugalketa eskubideak gizatiarrenak dira. Hala ere, herrialde asko eta askotan ez dira betetzen. Zeintzuk datu dauzkazue?
Besteak beste, sexu eta ugalketarako osasun faltak arazo handia eragiten du; bereziki, herrialde txirotuetan. Amatasunarekin lotuta hildako emakumeen kasuek behera egin badute ere, gaur egun oraindik 530.000 emakume hiltzen dira urtean egoera horrekin lotuta. Kopuru horretatik %13 baldintza kaskarretan egindako abortuengatik gertatzen dira. Horrez gain, Nazio Batuen Biztanleria Funtsaren arabera, munduko gaixotasunen zama globalaren%18 sexu eta ugalketa osasunarekin lotutako arazoekin zerikusia dute; besteak beste, GIBa edo hiesa eta sexu harremanen bidez kutsatzen diren gaixotasunak.
Zelan azaldu zer diren sexu eta ugalketa eskubideak?
Sexu eta ugalketa eskubideak zenbait legek eta nazioarteko agiriek aitortutako eskubideak dira. Pertsona orok bere sexualitateari buruz erabakitzeko duen eskubidea dute oinarri; baita norekin eta nola izan gura dituzten seme-alabak, bai eta izaterik nahi duten ere. Erakusketan eskubideok azaltzen dira; besteak beste, indarkeriarik gabeko bizitza bat izateko eskubidea, segurtasun fisiko eta mentalaren eskubidea, sexualitate osoa eta arriskurik gabekoa izateko eskubidea edota gogozko amatasuna, librea eta osasuntsua izateko eskubidea.
Eskubide horiek zein oztopori egin behar diete aurre?
Genero berdintasun eza da bi oztopo nagusietako bat. Bigarrena, politika integralak eta neurri horiek betetzea beharrezko egingo duten politikarik ez dagoela izango litzateke.
Zelan eragiten du herrialdeen garapenean emakumeek eskubide horiek bermatu gabe izateak?
Munduko leku askotan emakumeek euren gorputzaren, harreman sexualen, ezkontzaren edo izan gura dituzten seme-alaba kopuruaren gaineko kontrolik ez izateak izugarri mugatzen ditu haurdunaldiak eta ume horien hazkuntza denboraldiak. Azken batean, emakumeen bizitzako tarte handi bat hartzen dute garai horiek. Horrek murriztu egiten du emakumeek ikasketak hastea edo osatzea, lan bat aurkitzea edota beste espazio publiko batzuetan parte hartzea. Horrek, eragin argia du herrialdeen garapenean eta genero berdintasuna lortzeko helburuan.
Zer egin dezakete herritarrek sexu eta ugalketa eskubideak guztientzat gauzatzen laguntzeko?
Nazioartean lege eta arauak egon badaude, eta eskubide horiek bermatu beharko lituzkete. Hala ere, sarri paperean geratzen dira. Gizabanakoak mobilizazio eta informazio kanpainetan har dezake parte. Aktibismo horren parte izanik lagundu daiteke. Sexu eta ugalketa eskubideei buruzko informazio serio eta zientifikoa zabaltzea ere modu bat izan daiteke.
Zer esan nahi du emakume batentzat sexu eta ugalketa eskubideak ezin gauzatzeak?
Gaur egun abortua izan daiteke hurbilenekoa: emakume batek abortatu ala ez erabakitzeko duen eskubidea. Espainiako Gobernua aztertzen ari da alor horren gainean onartutako legea atzera botatzea. Emakumeak erabakitzeko duen eskubideari buruz ari gara une oro.
Horren harira, GIBaren edo hiesaren kutsadura ere aipa dezakegu. Martxan daukagu film laburren lehiaketa bat, birus edo gaixotasun horren feminizazioa erakusteko. Izan ere, azkenaldian gora egin du nabarmen kutsatu diren emakumeen kopuruak gizonezkoekin alderatuta. 1986an emakume bat zegoen kutsatutako bederatzi gizonen aldean. Gaur egun, ordea, emakume bat dago hiru gizoneko. Munduan GIB birusarekin bizi diren pertsonen %52 dira emakumeak. Saharaz azpiko Afrikan %69ra iritsi da kopuru hori.
GIBaren kasuan, arazoa da emakumeak, sarri, ezin duela negoziatu harreman sexualak zelan izan bikotekidearekin. Genero desberdintasunak eta emakumeekiko indarkeria eta diskriminazio egoerek ere eragina daukate. Horrek eragiten du emakumea kutsatzeko arriskua saiheteko babesik gabe egotea.
Zeintzuk dira alor horretan egoera txarrenean dauden herrialdeak?
Gu, besteak beste, Ruandan, Indian eta Perun ari gara lanean. Dena den, munduan inon ez dago genero berdintasunik; apurka landu beharreko alorra da, besteak beste, mentalitate aldaketa bat eskatzen duelako.
Genero berdintasuna ez da inon mamitzen, baina egoera batzuk eta besteak oso desberdinak dira. Zenbat aurreratu da alor horretan?
Sarri uste dugu asko aurreratu dugula. Baina, Espainian, adibidez, asko aurreratu zen abortuaren alorrean, eta orain, atzera egiteko arriskua dago. Garrantzitsuena da apurka erakunde zibilen eta populazioaren lanarekin lortutakoak atzera ez egitea. Horretarako, aktibismo zibila garrantzitsua da, gure eskubideak aldarrikatzeko.
Benetako berdintasuna lortuko al da noizbait?
Hainbat erakunde horretan ari gara, eta elkarte desberdinen arteko elkarlana, sarean, garrantzitsua da, azken batean, indar gehiago ematen duelako administrazio publikoetan eragina izateko. Gure eskubideen arduradun izan behar dugu eta eskubideok aldarrikatu behar ditugu.
Zein lan dute administrazio publikoek egiteke?
Arauak bete daitezen neurriak hartzea, ez daitezen asmo onen adierazpen hutsetan gelditu.
Benetan interesatzen al zaie berdintasuna lortzea?
Manuela Ramos mugimenduko kide batek esan zidan egunero lan gogorra egin behar zutela elkarteko kideek politikariek era honetako gaiak agendan sartzeko. Izan ere, askoz ere inpaktu handiagoa dauka herritarrengan kiroldegi baten edo errepide baten inaugurazioak sexu edo ugalketa eskubideek baino.
Eta Euskal Herriari dagokionez?
Apurka aurrerapenak ikusten dira. Hala ere, gauza asko lortzen ari garela iruditu arren, errealitatea beste bat da: bikotekideen arteko berdintasun eza, esaterako. Lanean jarraitu behar dugu, eta klase politikoa gehiago inplikatzen saiatu.