Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeak etxe sozialak emateko araudia aldatuko du datozen hilabeteetan. Egun, hiriburuan gutxienez bi urte erroldatuta egondakoei ematen die bizitokia, alokairuan; Rikardo Barkala Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumen zinegotzi eta erakundeko presidenteak asteon azaldu duenez, epe hori lauzpabost urtera luzatzea proposatu dute udaleko hainbat alderdik. 2012-2015 urteetarako Udal Etxebizitzak erakundeak ezarritako estrategiaren barruan dago neurria.
Erroldatze epea luzatzearen eragina batik bat “mediatikoa” izango litzatekeela uste du Barkalak: “Egun, etxeetara sartzen direnek bost urte daramatzate erroldatuta, batez beste; beraz, errealitatearekin bat etorriko litzateke aldaketa”. Orain ez bezala, erroldatze epe hori eten ahal izango da, eta, hala, aldi batean Bilbotik kanpo bizi izandakoek ere etxea eskatu ahal izango dute.
Urtean 3.000 eta 39.000 euro arteko errenta daukatenek eska dezakete etxebizitza soziala, eta zenbateko horren arabera ordaintzen dute alokairua, baina prezioen irizpideetan ere maila gehiago ezartzea aztertzen ari da erakundea. Horrekin batera, esleipen prozesuan sexuaren eta adinaren araberako kupoak ezarri nahi ditu udalak, “egun hainbeste aukera ez daukaten gazteei edo kide bakarreko familiei laguntzeko”.
3.900 etxebizitza dauzka udal erakundeak, eta lau urte barru 4.500era iritsi nahiko luke; hazkundeak, halere, ez luke eskaria beteko, 8.600 pertsona baitaude itxaron zerrendan. 600 etxe horietako gehienak eraiki berriak lirateke; oraingoz, Zorrotzan babes ofizialeko 80 etxe, Miribillan 173 eta Ametzolan 160 egitea aurreikusten du. Eta gehiago eraiki ahal izateko, “lurzorua eskuratzeko aukera ematen duten guneak” aztertuko ditu. Horrekin lotuta, Barkalak esan du ez dutela etxe hutsekin lan egingo: “Etxebizitza politika Eusko Jaurlaritzari dagokio”.
Ikuskatzeak zorroztuko dituztela ere iragarri du zinegotziak. Batetik, bizitokia eta ingurua zein egoeratan dauden jakiteko, eta, bestetik, etxea esleituta dutenak bertan bizi direla egiaztatzeko: “Salaketa batzuk jaso ditugu; bidegabea da”. Herritarrei etxebizitza duina edukitzeko bidea erraztea du helburu 2012-2015 urteetarako estrategiak, eta, besteak beste, auzoen arteko oreka bultzatu eta irisgarritasuna sustatu nahi du udalak.
Izaera juridikoa ere aldatzera?
Udal Etxebizitzak erakundearen izaera juridikoa aldatzea hausnartzen ari da Barkalaren taldea. Egun udal organismo autonomoa da, eta enpresa publiko bihurtzeak zein abantaila eta desabantaila ekarriko lukeen aztertzen ari dira. Aldatzekotan, erakundeko 47 langileek eskubiderik galduko ez luketela adierazi du Barkalak.