Urtean daramatza Gorrondatxe kultur elkarteak Horacio Etxebarrietaren galerietan hotela eraikitzeko proiektua bertan behera uzteko borrokan. Christian Reinicke kidearen esanetan, “oso pozik” hartu dute berria.
Azkenean ez da hotelik eraikiko.
Hori nahi genuen guk: luxuzko hotelik ez egitea eta herritarren erabilerara bideratzea.
Udalak esan du turismoari lotutako azpiegitura izango direla. Zuek eskatu duzue getxoztarrek erabiltzeko izatea. Turismoa eta herritarren aisialdia bateragarriak izan daitezke?
Turismoa kontu orokorra eta zehaztasunik gabea da. Orain beste epe bat irekitzen da. Aurreneko helburua hotelik ez egitea zen, eta hori lortu dugu. Orain erabilera publikoaren eztabaida ireki behar dugu. Zer den eta nola egingo den zehaztu beharko dugu aurrerantzean. Gure ustez, egokiena jendeak modu askean erabili ahal izatea litzateke.
Zer erabilera eman dakioke?
Guk, behinik behin, herritarrak handik lasai ibili ahal izatea proposatzen dugu, pasieran. Horretarako bertara heltzeko bide egokiak jarri beharko lirateke.
Udalak turismorako azpiegituraren bat egin nahiko balu bertan, zuek begi onez ikusiko zenukete?
Ez dakit; ikusi beharko litzateke zer den proposatzen dutena. Litekeena da guk proposatzen dugun erabilera horrekin batera, beste elementu batzuk ere jarri ahal izatea. Bakoitzak bere asmoak eta proiektuak mahai gainean jartzen dituenean ikusi beharko dugu proposatzen dena egokia den edo ez.
Azkenean, udalaren eta hotelaren arteko auzia auzitara jo gabe konpondu da.
Guk, kultur elkarte modura, ez dugu halakoen baloraziorik egiten. Guri emaitza inporta zaigu. Badakigu, udalak orain arte gastatutakoa baino diru gehiagorik ez duela galduko, eta hori albiste ona da, noski.
Zer behar dituzte galeriek?
Urte askotan bertan behera utzita egon dira, eta konponketak behar dituzte halabeharrez. Ikusi beharko da galeriak leheneratzeko lanak zelan planteatzen diren. Ahalik eta modurik egokienean egitea nahi genuke.