Herriaren kultur birika dakusa Juan Felix Naberan Gautegiz Arteagako alkateak udaletxeko balkoitik, begi kolpe soil batekin herriko plaza, frontoia eta kultur etxea baititu aurrean. Herriaren erdigunean egonda, Gautegiz Arteagak daukan “arazorik handienetako bat” ere ikus dezake, ordea: herria goitik behera zeharkatzen duen errepidea.
Hilabeteak baino ez daramatza Naberanek alkatetzan, eta orain arte hautetsien arteko hasierako kontaktuak egiten aritu direla azaldu du, “lantaldea sortzen eta elkar ezagutzen”. Izan ere, haren iritziz, ezinbestekoa da oposizioarekin harreman ona izatea, eta, “helburu hori arrakastaz beteta, erabakiak hartzeko ordua” iritsi zaie orain. Aitzitik, Naberanen arabera, udalaren egoera ekonomikoak baldintzatuko du kudeaketa, lehentasuna “kredituak ordaintzea eta zorrak kitatzea” izango baita.
Marjina nahikorik ez dutela eta, inbertsiorik handienak eskatzen dituzten proiektuak bazter utzi, eta diru laguntzak baliatuko ditu Gautegiz Arteagako Udalak proiektuak gauzatzeko. Esaterako, Tokiko Agenda 21eko diru laguntza lortuz gero, hiri hondakinak kudeatzeko Arratzuko, Kortezubiko, Mendatako eta Muxikako udalek sortutako Busturialdeko Mankomunitatean sartzeko aukera ari da aztertzen. Horren bitartez, “hondakinen kontrol handiagoa egongo litzateke, konpostatzea bultzatuko litzateke, birziklapena erraztu…”.
Herriko argiztapena aldatzea ere bada udalaren helburua, LED sistema darabiltenak jarrita argindarraren kontsumoa %50 murrizteko. “Faseka, baina agintaldian auzo guztietako argiak aldatu ahal izango” dituztela uste du alkateak. Bestalde, azaldu du aurreko agintaldiak 70 etxebizitza eraikitzeko egindako plana epaitegietan dagoela eta lehenbizi oztopo hori gainditu beharko dutela. “Udarako posible da ebazpena ematea, eta, beraz, zenbait etxebizitza egitea da gure asmoa”. Hain zuzen, “zortzi-hamar etxebizitza eraikitzeko ahalegina” egingo dutela esan du Naberanek.
Turismo berdea
Arestian esan bezala, zirkulazioa da Gautegiz Arteagak daukan arazo handienetako bat. Izan ere, hondartzetara doazen ibilgailu ugari igarotzen da udan erdigunetik. Zirkulazio bolumenak ez ezik, ordea, “urte osoan ibilgailuek daramaten abiadurak” sortzen du batez ere kezka. Bada, zirkulazioa desbideratzea gaur-gaurkoz ezinezkoa dela eta, sakanguneen eta semaforoen bitartez bilatu nahi dute irtenbidea. “Aldundiaren esku dago, baina aurtengo aurreikusten da sakangune eta semaforo gehiago jartzea. Abiaduraren arazoa konponduz gero, bada-eta zerbait!”.
Urdaibairen bihotz-bihotzean dagoen herria da Gautegiz Arteaga, eta kokapen horrek eragozpenak baino onura gehiago dakartzala uste du alkateak. “Ingurumenari dagokionez, oso ondo zainduta dago ingurua. Padurak mantendu dira, eta ez dago gehiegikeriarik hirigintzari dagokionez”. Urdaibaiko Patronatuak hori horrela izango dela bermatzen duela deritzo Naberanek, baina beste erakundeen esku hartzeak maiz gehiegizkoak direla uste du: “Zenbait erabaki hemen hartu beharko genituzke, eskualdean bertan; edo, gutxienez, bertokoen beharrizanak eta iritziak gehiago hartu beharko lituzkete kontuan. Esate baterako, industriari dagozkion erabakiak hartzerakoan, gure lanpostuak baitira jokoan daudenak”.
Halaber, daukan kokapen pribilejiatua dela-eta herriak daukan potentzialtasuna behar adina ustiatzen ez dutela asmatu dio alkateak; badagoela zereginik arlo horretan, alegia. Hala, “turismo berdea sustatu” beharko litzatekeela dio Naberanek. Udaberri alderako zabaldu asmo duten Urdaibai Bird Centre, landa turismoak, aterpetxeak, oinezkoentzako ibilbideak, gaztelua eta beste sortu, garatu edo aprobetxatu behar dituztela deritzo. Hari horretatik, Europako UrbAct truke eta ikaskuntzarako programan sartzeko ahaleginetan dabil Gautegiz Arteagako Udala; hiri garapen iraunkorra sustatzea da haren xedea. “Oraindik, dena den, ez dago ezer lotuta. Bide hori aztertzen ari gara, hortik jo behar dugula uste dugulako”. Finean, industriarik ezak zerbitzuen alorra bultzatu behar izatera behartzen ditu halako herriak.
Txikia bai, baina herriko hamar-hamabi elkarteek egindako lanak eragina daukala eta, bizia da Gautegiz Arteaga, eta nortasun hori zaintzea dauka helburu udalak. “Diru laguntzak emanez, lokalak utziz…”. Hori bai, herri txiki bateko alkate izateko “bokazioa ezinbestekoa” dela dio Naberanek. “Dedikazio handia eskatzen du, eta konpentsazioa ez da horren handia. Baina hurbiltasuna ona da, gure ingurukoentzat gobernatzen baitugu: lagunentzat, familiakoentzat…”. Alabaina, hurbiltasun horrek batzuetan “zaildu” egiten du alkatearen lana, “gaitzagoa izaten baita ezagunei ezetza eman behar izatea”.
Dena den, karguari dagozkion zereginak ez dira berriak Naberanentzat, 1987tik 1995era, bi agintaldi egin baitzituen alkate lanetan. Orduko hartan, baina, gazte iritsi zen alkatetzara, 26 urterekin, eta, orain, helduagoa izanik, ezberdina da gobernatzeko era. “Gaztetan grina eta energia handia neuzkan, baina, orain, beste lasaitasun eta perspektiba batekin ikusten ditut gauzak”, azaldu du. Orduko hartan kargura berriro aurkeztu ez izanaren arrazoia argia dela dio: “Ez da ona pertsona bat luzaroan kargu batean egotea”.