“Zergatik hitz egiten dute gaztelaniaz euskaraz dakiten haur eta gazte lemoiztar askok?”. Kezka sortzen dion erantzunik gabeko galdera hori behin eta berriz izan du biraka buruan Unai Andraka Lemoizko alkateak. Bada, egoerari buelta emateko asmoz, Lemoiz Euskeraz izeneko egitasmoa jarri du abian udalak agintaldi honetan. Kanpainaren logotipoan, arestian aipatutako goiburua irakur daiteke, hondo urdinaren eta itsasoko olatuen gainean. Era berean, goiburua osatzen duten hizkietatik arraunak irteten dira, udalerriaren armarrian bezala. “Arraunok esan nahi dute herriak euskaraz nabigatu nahi duela eta etorkizunari euskaraz ekin nahi diola”, azaldu du alkateak.
Bereziki haur eta gazteei begirako proiektu bat da Lemoizkoa. “Umeak dira herri honen etorkizuna. Beraz, kanpaina haientzat da, belaunaldi berriak gero eta gehiago euskaraz bizi daitezen”, nabarmendu du Andrakak. Era berean, hiru helburu nagusi dituela erantsi du. Lehenik, “euskara gizarteratzea” nahi du. Hizkuntza “egonkor mantentzea”, bigarrenik. Hirugarrena zein den jakiteko, arbasoen garaira egin behar da salto. Izan ere, herriko zein inguruko arrantzale eta baserritarrek eguneroko jardunean euskaraz hitz egiten zuten. Hori dela eta, ume zein nerabeei erabat arrotzak egiten zaien altxor ugari aurki daitezke. Berba horiek bilduz eta ezagutzera emanez “berrerabiltzea” da proiektuaren azken helburua.
Andrakak adibideak jartzen ditu. Antapara berba aipatu du. “Errotetan ura batzen zen lekuaren izena da”, azaldu du. Nahiz eta Lemoiz errota asko dituen herri bat izan, gazteek ez dakite hitz hori badenik ere. Portutik, berriz, tintelekua hartu du alkateak: “arrantzaleek antzina sareei kolorea ematen zieten lekua”. Andrakaren esanetan, berba horiek aurkitzen, biltzen eta zabaltzen joango dira kanpainak irauten duen bitartean.
Jomuga horiek aurrera eramateko asmoz, askotariko ekintzak antolatu ditu Andrakaren lantaldeak. Horietako bat Bazkalosteak deitzen da, eta aurrera eramateko, mankomunitatearen laguntza jaso du. Haurrak bazkalorduan euskaraz hitz eginez jolas egitera ohitzea nahi du alkateak: “Umeek eskola barruan euskaraz baina kalean gaztelaniaz egiten dute”. Ohitura edo joera horri aurre egiteko, bi hezitzailek lan egingo dute, eta haien zeregina gazteei euskaraz jolasten irakastea da.
Eskola orduaz gain haurren aisialdiari begirako proposamenak landu dituzte. Adibidez: euskara hutsezko film emanaldiak. Horretarako ardura udalak izango du. Hasieran jende gutxi batzen zela baina gero eta gazte gehiago direla esan du Andrakak. “Aurreneko egunetan ez ziren ume asko etortzen. Baina azken aldian 30 inguru bildu dira; kopurua gorantz doa”.
Ikastaroak tabernarientzat
Kanpaina haur eta gazteei begira egin bada ere, helduentzat ere badago tokia. Horretarako, herriko tabernariengana jo dute. Jatetxeetako langileek ikastaro bat jasotzeko aukera izan dute, euren euskara hobetze aldera. Azken batean, herritarrek euskaraz hitz egitea da alkatearen borondatea: “Udalerriko auzokide guztiak euskaraz bizitzea eta esperientziak eta errealitatea euskaraz partekatzea nahi dugu guk”.