Ermuan ez dute onartzen Bizkaiko Foru Aldundiak herria igarotzeko saihesbidea atzeratzeko emandako aitzakia. Hain zuzen, Ermuko udalbatzak onartutako idazkiaren arabera, “saihesbidea egiteko arazoa ez da ekonomikoa, Ermua aldundiarentzat ez dela lehentasunezkoa baizik”.
“Krisiarena ez dugu aitzakiatzat onartzen”, salatu du Jose Luis Clemente alkateordeak, “krisiak proiektu guztietan izan beharko luke eragina, ez merkeenean — gurea—. Proiektu guztien kostuak 250 milioi eurotik gorakoak dira, eta gurea 150 milioi eurokoa da”, esan du. “Eta gurea da ez dutena egingo. Kasualitatea. Gurea da, gainera, esleipen fasean dagoena, osorik idatzita dagoena eta hasieratik bukaeraraino egin daitekeena. Gainerako proiektuak idazteko fasean daude. Beraz, krisiak eragindako erabakia dela dioen aitzakia hankamotz geratzen dela deritzogu”.
Joan den urtarrilean iragarri zuen Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak Ermukoaz gain, atzeratu egingo zituztela Ondarroa eta Markina, batetik, eta, Boroa eta Igorre, bestetik, lotuko dituzten errepideak.
30.000 ibilgailu egunean
N-634 errepideak gurutzatzen du Ermua. Egunean 30.000 ibilgailu igarotzen dira handik, Clementek gogorarazi duenez. “Horietatik zenbateko handi bat —6.000 eta 7.000 artean — ibilgailu astunak dira, eta ez dakigu barruan zer daramaten”. Horrek guztiak herrian sortzen duen arriskua, zarata eta kutsadura handiak direla azaldu du.
Errealitate hori ikusita, “irtenbide alternatiborik ez duen Bizkaiko herri bakarra gara, ahaldun nagusiak Bizkaiko herritzat baldin badauka Ermua”, esan du alkateordeak. Izan ere, Eibartik Ermua gurutzatzeko —kilometro eta erdiko ibilbidea —, sarri 25 minutu behar izaten direla salatu du Clementek: “Izugarria da”.
07:30etik 08:30era, eguerdialdeko orduak eta 17:30etik 20:00etara bitartean izan ohi dira, bereziki, ordurik txarrenak herria gurutzatzeko. 08:00etatik 20:00etara bitartean, baina, kamioiak etengabe igarotzen ari direla gogorarazi du alkateordeak. “Kontuan hartu behar da autobideko gure irteeratik edozein industrialdetara joateko herrigunetik igaro behar dela. Ez dago beste aukerarik”.
Herritarrak egoera horrekin nekatuta daudela azaldu du Clementek, “zain egoteaz nazkatuta”. Saihesbidea “beharrizana da guretzat, ez kapritxo bat”. Izan ere, lanak joan den urrian hastekoak zirela ekarri du gogora.
Manifestaziorako deia
Urte luzez egindako eskaerari irtenbidea ematea gura dute ermuarrek. Hori dela eta, manifestaziora deitzea erabaki zuen joan den asteazkenean udalbatzak. Datorren asteko zapaturako, hilaren 18rako, egin dute deialdia. 12:00etan aterako dira herriko plazatik Ermuko saihesbidea eta kitto lemapean. PSE, PP, Bildu eta Ezker Anitzaren aldeko botoekin hartu zuten erabakia. EAJ abstenitu egin zen. Aurrerantzean, erakundeekin berba egiteko eta mobilizazio gehiago egiteko prest daudela azaldu du Clementek. Lanak berehala edo ahalik eta azkarren hastea lortu gura dute.