Enkarterriko eskoletako esku pilota jokalaririk onenak, biharko finalean

Enkarterri aldeko eskoletako esku pilota jokalari onenen finala jokatuko da bihar arratsaldean Gallartan. 16:30ean hasita, Enkarterri, Bilbo, Ezkerralde eta Meatzaldeko hainbat herritan nagusitu diren gaztetxoak ariko dira norgehiagokan benjamin, kimu, haur eta kadete mailetan A eta B kategoriatan.

Gallartako frontoian izango dira partidak. Benjamin B mailan, Ortuella eta Gordexolako bikoteak ariko dira lehian; benjamin A mailan, Ortuellakoak Gallartakoen kontra. Kimuen B mailan, Ortuella eta Portugalete ariko dira norgehiagokan eta kategoria bereko A mailan, bestalde, Ortuella eta Gallarta. Haurren B mailan, Sestaoko bikote batek herri bereko beste bikote baten aurkako partida lehiatuko du; A mailan, bestalde, Sestao eta Portugaleteko gaztetxoak ariko dira lehian. Kadeteen B mailan, azkenik, Sestaoko bikote bat Bilboko beste baten aurka ariko da.

Azken partida horretan lehiatuko den Sestaoko bikoteko kideak ijito arrazakoak dira. Aurrenekoz parte hartuko dute lehiaketa batean. 14 eta 15 urteko gaztetxoak dira. “Txabarri auzoko frontoian jolasten hasi ziren”, azaldu du Xabier Sainz de la Maza Sestaoko pilota eskolako monitore eta Lagun Artea pilota taldeko presidenteak. “Monitore batek han jolasten ikusi zituen eta Lagun Artea taldean sartzeko gonbita egin zien; handik aurrera zaletasuna piztu zitzaien”, adierazi du.

“Erdibideko maila dute. Izan ere, pilota bigunarekin jolasten ziren, eta gogorrarekin hastea kostatu egin zaie. Denbora gutxi daramate. Hala ere, Enkarterriko txapelketako finalean sartu dira”, esan du Sainz de la Mazak. “Pilotari ondo ematen diote, baina oraindik joko ideia falta dute, esku pilotara egokitu behar dira”.

Enkarterrin nagusitzen direnek Bizkaiko beste eremu batzuetako finalistekin lehiatu beharko dute. Hain zuzen, Sainz de la Mazak gogora ekarri duenez, Bizkaia, esku pilota lehiaketa horiei dagokienez, lau eremutan bereizten da: Enkarterri, Durangaldea, Arratia-Nerbioi eta Uribe-Kosta.

Garrantzitsuena, Lagun Artea taldeko presidentearen ustez, gazteek kirola gustuko izatea eta zaletasun horri eustea da. “Gure eskolan ia 80 ume eta gazte ditugu”, azaldu du. Pilota eskolako monitore gisa, haren helburua da “gazte batek ere ez dezala frontoia utzi eskuetako minagatik edo kirol horretarako bere burua egoki ikusten ez duelako”.

Pala eta zesta-punta

Esku pilota gogorra izan daitekeela ekarri du gogora. Hori dela eta, esku pilotaz gain, pilota erabiltzen duten gainerako kirolei ere lekua egiten saiatzen direla azaldu du. Hain zuzen, pala edo zesta-punta moldeetan zaletasuna sortzen ere saiatzen dira. “Zoritxarrez, futbolak gaur egun zale asko daramatza, beraz, ezin gaitezke gaztetxoak galtzen ibili. Irtenbide bat eman behar diegu pilotaren munduan jarrai dezaten”, esan du, “berdin dio ondo edo gaizki jokatzen duten, garrantzitsuena parte har dezaketela jakin dezaten da”.