Espainiako Ingurumen Ministerioak aurtengo urtea bukatu orduko amaituko ditu Lamiaran-Aranbuko ur zikinen araztegia eraikitzeko lanak. Mundaka eta Bermeo artean egiten ari diren planta hori 2014an martxan egongo dela aurreikusi dute. Hala ere, Busturialdeko Ur Partzuergoak ez du uste ordurako Urdaibai ezkerraldeko ur zikinen sarea bukatuta egongo denik.
Muxikatik Busturiara arteko zatia eta Sukarrietatik Mundakara bitartekoa falta dira egiteko, adibidez. Lanak oraindik adjudikatu gabe daude, eta ez dakite noiz adjudikatu ahalko dituzten, ez baitago horretarako behar beste aurrekontu. Ur zikinen sarea osatzeko beharrek 74 milioi euroko inbertsioa eskatuko dute, orotara. Ur Partzuergoak ez du eskaerari erantzuteko gaitasunik. Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak zer egingo duten zain daude.