Mendia da Joseba Andoni Llagunok Sopuertako udaletxeko balkoitik ikusten duen lehenengo gauza. Mendi tartean, berdez inguraturik, Enkarterriko herri hau natura hutsa da, herriko alkateak dioenez. Zaindu beharreko ondarea dela gaineratu du. “Ez bakarrik bertokoentzat, baita kanpokoentzat ere. Guztiek gozatu eta erabiltzeko aukera izan dezaten”.
Sopuertak errepidea du bizkarrezurra. Auzoak oso sakabanatuta daude. Neguan, horrek guztiak herriaren heriotza arriskua dakar, alegia, berea behar lukeen bizia galtzea: auzokideak bere etxeetan sartuta eta kaleak hutsik egoten dira. Horren aurrean, Sopuerta aktibatu behar dela uste du Llagunok, eta, bide horretan, herri elkarteengana jo du. “Sopuerta dinamizatu nahi dugu, auzokideentzako herria bihurtuz. Jendeari etxetik ateratzeko aukera eskaini behar zaio, elkarren arteko harremanak sendotzeko. Hori herri elkarteen bidez bakarrik lor daiteke”, ziurtatu du. Izan ere, udala herriko talde guztiekin harremanetan dago, eta guztiak ere laguntzen ditu. “Diru kopurua mugatuta dago, jakina. Baina aurrera goaz”, nabarmendu du, pozik.
Informazio zabaldu
Zortzi hilabete eskas daramatza alkatetzan Llagunok, baina aurreko bi agintaldietan oposizioan aritu izanak asko lagundu diola aitortu du. “Gauzak zelan ez diren egin behar ikasi nuen orduan”. Hortaz, udaletxea herritarrei zabaltzea da Llagunok egin zuen lehen gauza. Hasteko, auzokideei zuzendutako bilera irekia egin zuten. Ostean, beste udal taldeei informazio eguneratua helarazteko konpromisoa hartu. “Gehiengo osoa izan arren, ez dugu horrela gobernatu nahi. Gure gestioa parte hartzailea da guztiz”, azpimarratu du.
Hauteskundeetan aurkeztutako programa garatzea dute helburu nagusia. Herritarrei emandako hitza betetzea, alegia. Ildo horretan, alkatetzara heldu zenean topatu zuten 300.000 euroko diru zorra ia osorik kitatzeari ekin zioten. “Horrek nahiko mugatu gaitu”, aitortu du. “Batzuetan, diru eske etorri eta ezetz esan behar izan dugu, dirurik ez zegoelako”. Hala ere, eta herriko elkarte eta gainontzeko udal taldeekin landu ostean, datorren astean aurrekontuak onartuko dituzte. Herriko kultur elkarteak laguntzen jarraitzea eta, energia eraginkortasuna garatzeko bidean, argiztapena aldatzen amaitzea da aurrekontuen bi ardatz nagusietarikoa.
Hezkuntzan, beharrizanak
Sopuertan Eskola Publikoan Lehen Hezkuntza ikasteko eskubidea bermatzeko, udalak, Haur Hezkuntzako Guraso Elkartearekin batera, aurrera daraman borroka ere garrantzi handikoa da. Instalazioak martxan daude jada, eta eraikinean lekua soberan dagoela ziurtatu du Llagunok. Horrexegatik, ez du ulertzen Eusko Jaurlaritzak emandako ezetza. “Legeak bermatutako eskubidea da. Baina, horretaz gain, beste herri batera ikastera doanak bere harremanak Sopuertatik kanpo osatuko ditu. Azkenean, herria desegiten ari gara bide honetatik. Eta guk herria egin nahi dugu”.
Llaguno herriaren garapen ekonomikoarekin ere kezkatuta dago. Egun, Sopuertan langabezia tasa %9 da. Batetik, industria gutxi dago herrian, eta, bestetik, diru sarrerak dezente murriztu zaizkie. Krisialdi egoera honen aurrean, udal gobernutik neurriak hartzen saiatu dira, baina ahalmenak mugatuak dituztela onartu du alkateak. “Hainbat proposamen egin ditugu, langabezian denbora luzea daramatenei tasetan hobaria aplikatzekoa, adibidez. Baina hori Enkarterriko Udalen Mankomunitatean erabakitzen da”, kexatu da.
Hortaz, sistema bera aldatzearen aldekoa da Sopuertako alkatea. Bere ustez, udal gobernuak gehiago garatu beharko lirateke, erabakiak hartzeko dauzkaten ahalmenak handituz eta zabalduz. “Azken batean, herritarrengandik hurbilen dagoen instituzioa dugu udala”, zehaztu du.
Herriko mehatze ondarea eta historia ondarea zutik mantentzea da Llagunok proposatutako irtenbide bat. “Eraistear dauden Urrutia dorrea edota kaltzinazio labeak gure izaeraren zati garrantzitsua dira. Zainduz gero, turismoa bultzatu ahal izango genuke, eta bide batez lana sortuko genuke”, iragarri du. Horrekin lotuta, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu Zuzendaritza Enkarterriko Paisaiaren osaketa egiten ari dela aipatu du Llagunok, eta udalak horretan parte hartzeko beharra aldarrikatu du. “Araudi berriari buruz herritarrek asko daukate esateko”.